Sexu esplotaziorako giza salerosketaren aurkako ekintza plana jarri du abian Ertzaintzak. Biktimengana hurbildu, diagnostikoa egin eta delituari aurrea hartzea du helburu gaur goizean, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak aurkeztu duen planak. Hainbat erakunde –tartean, Emakunde–, gizarte eragile eta gobernuz kanpoko erakundeekin batera lankidetzan garatu dute. Giza salerosketak prostituzioarekin duen lotura kontutan izanik, informazio-liburuxkak banatuko ditu Ertzaintzak prostituzioa burutzen den lekuetan, eta telefono zenbaki berri bat ere zabaldu du salaketa jarri edota babesa eskatu nahi duenarentzat. Izan ere, Segurtasun sailburuak zehaztu duenez, “prebentzioa” du xede nagusitzat Ertzaintzak.
Hain zuzen, gaur aurkeztutako ekintza plana iaz jarri zen lehen aldiz martxan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lau kokaguneetan: Irun, Gasteiz, Muskiz eta Errenteriako ertzain-etxeen eragin-eremuetan zehatz esateko. Orain baina, herri guztietara zabaldu du Ertzaintzak. Lau eremu horietan, prostituzioan diharduten 372 pertsonengana hurbildu da polizia –209 Gasteizen, 102 Irunen, 37 Errenterian eta 24 Muskizen–. Esku-orriak banatu zizkieten, baita informazioa eta babesa eskaini ere. Bildutako lehen datuen arabera, EAEn 10.000 pertsonako 7 lagunek jarduten dute prostituzioan; gehienak emakume atzerritarrak dira.
Eusko Jaurlaritzak, Emakundek eta Ertzaintzak, polizia bateratu gisa parte hartzen dute sexu esplotaziorako giza-salerosketaren aurkako Europako estrategian. Ildo horretan, gaiari helduko zion talde egonkorra sortu zuen 2016an. Ekintza plan berriarekin, prebentzioa landu, arduradunak auziperatu eta biktimei behar duten arreta eta laguntza eman nahi die Ertzaintzak: “Biktimaren segurtasuna eta ongizatea lehenesten dugu ikerketaren aurretik”, adierazi du Hugo Prieto pertsonen aurkako delituen ataleko buruak.
Ertzaintzak urteak daramatza giza salerosketaren aurka lanean, Segurtasun sailburuak nabarmendu duenez; batez ere, ikerketaren ikuspegitik jardun du orain arte. Hain zuzen, 24 ikerketa burutu ditu azken 15 urteotan; horietatik 18 Bizkaian, 8 Araban eta bakarra Gipuzkoan. Horrez gain, 45 biktima askatu eta 47 pertsona atxilotu edo ikertu ditu orotara. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa giza salerosketaren “azken geltokia” izan ohi da, eta sexu esplotazioa dute helburu gehienek Prietok azaldu duenez. “Giza salerosketa negozio hutsa da, eta emakumea merkantzia gisa erabiltzen dute”, adierazi du.