Gizarte etxeetako 55 ikastaro bertan behera utzi ditu Gasteizko Udalak

«Hiriaren historiako politika publikoen murrizketa handiena» egitea leporatu dio EAJk Javier Maroto alkateari

Erredakzioa
Gasteiz
2012ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Gasteizko Udalak gizarte etxeetan eskaintzen zituen 55 ikastaro «behin betiko» utzi ditu bertan behera. Horrenbestez, duela bi aste egindako mehatxua bete du, eta, ikastaro horien prezioa garestitzeko babesik jaso ez duenez, eskaintza nabarmen gutxitzea erabaki du. Eta ez hori bakarrik. Uda ostean abiaraziko dituen ikastaroak hiru hilabetez baino ez ditu bermatuko, eta horien prezioari buruzko adostasunik lortu ezean zerbitzu horiek pribatizatzeko aukera ere jarri du mahai gainean udalak.

Javier Maroto Gasteizko alkateak ekainaren hasieran proposatu zuen hiritarrek ordaintzen dituzten prezioak garestitzea, kasu batzuetan, egun ordaintzen dutenaren halako bederatzi. «Gaur egun dagoen prezioen politika jasanezina da», argudiatu du Alfredo Iturritxa Hiritarren Zerbitzuen zinegotziak. Ikastaroetan parte hartzen duen pertsona bakoitzeko udalak 111 eta 85 euro bitartean ordaindu behar duela azaldu du, eta 55 ikastaro horiek kenduta urte batean 350.000 euro aurreztuko dituztela gaineratu du. Kendutako ikastaroen artean kulturarekin lotutakoak daude, baita hainbat arte motatarako hastapen ikastaroak ere.

Gasteizko Udaleko LABeko ordezkariek gogor kritikatu dituzte murrizketak. Sindikatuaren datuen arabera, 77.000 euro baino ez dituzte aurreztuko. Ordea, hamabost eta hogei pertsona artean kaleratu beharko ditu udalak, eta 2.600 pertsona inguru ikastarorik gabe geratuko direla kritikatu du. «Ematen du helburua dela gizarte etxeak edukiz hustea».

Hamaikagarren berrikusketa

Urtea hasi zenetik, Gasteizko Udalak modu bertsuan jokatu du eskaintzen zituen beste zerbitzuekin. «Ezin dugu belaun baten errehabilitazioa egin lau euroren truke», adierazi zuen Marotok urte hasieran Kirol Medikuntza Zentroari buruz. Zerbitzua bertan behera utziko zuela iragarri zuen. Hamaika mobilizazio egin zituzten herritarrek; azkenean, zentroaren kudeaketa aldatzeko akordioa lantzen hasi zen udala, baita prezio batzuk igotzeko akordioa lantzen ere.

Egoera antzekoa izan zen Gasteizko Udalaren eta Arabako Bertsozale Elkartearen arteko hitzarmenarekin. 50.000 euroko hitzarmena moztu zuen udalak; elkartearen zein euskaltzaleen kexen ostean, beste hitzarmen bat sinatu zuten, 40.000 eurokoa. Berriki salatu dute, ordea, bigarren hitzarmen hori zein Euskharan eta GEU elkartearekin zituen akordioak oraindik ez dituela bete.

Garapenerako lankidetzarako zuen aurrekontua ere errotik murriztu zuen udalak. Hiru milioi euro inguru moztu zituen—%85etik gorako jaitsiera aurreko urtearen aldean—. Udalaren berdintasun planaren aurrekontua ere nabarmen jaitsi zuen maiatzean, 269.000 eurotik 50.000 eurora.

«Ez zorrotza, ez zentzuduna»

Zerrendara gehitu den azken zerbitzua Pedro Anitua partzuergoa da: babesik gabe dauden adingabeei trebakuntza ematen die. Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren murrizketen ondorioz, ezin izango du zerbitzua eskaini, eta trebakuntza jasotzen zuten 150 adingabe heziketa hori gabe geratuko dira.

Gasteizko EAJko bozeramaileak, Gorka Urtaranek, biziki kritikatu ditu Marotok urtebetean hartu dituen erabakiak. «Hamabi hilabetetan, dauden aztarna bakarrak gasteiztarren bizitza kalitatearen murrizketak dira; hiriaren historiako politika publikoen murrizketa handiena izan da». Urtaranen ustez, Marotok oinarrizko zerbitzuak moztu besterik ez du egin.

Oinarrizko zerbitzuetatik murriztu eta, aldiz, lehentasunezkoak ez diren beste diru funtsak handitu izana kritikatu du: «Ez da ez zorrotza ez zentzuduna gizarte zerbitzuak murriztea eta, aldiz, publizitaterako lau milioi euro ematea, 2011n halako bi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.