KONPONBIDEARI BEGIRA

Gizarte Foroaren gomendioak "ekarpen positiboa" dira Herrira-ren ustez

Lokarrik eta Bake Bideak prozesua indartzeko aurkeztutako aholkuen inguruan balorazioa egiteko eguna izan da gaurkoa. Herrira presoen aldeko mugimenduari "premiazkoa" iruditzen zaio espetxe politikari heltzea. Sorturentzat, "erreferentzia baliagarria" dira, eta, Urkullu lehendakariaren ustez, gomendioak "beste aurrerapauso bat" dira, nahiz eta  "beste era batera idatz zitezkeen". PSE-EEren arabera, "Sorturi dagokio gomendioak betetzea". Bideoa: Gizarte Foroaren gomendioak. [Berriatb]http://www.berria.info/berriatb/1792/[/Berriatb]

2013ko maiatzaren 28a
18:59
Entzun

Lokarrik eta Bake prozesua indartzeko Foro sozialaren antolakuntzak aurkezturiko gomendio multzoaren inguruko  balorazioa egin dute gaur alderdiek eta mugimenduek. Gizarte Foroak "ekarpen posiboa" egin du gatazka konponbidean jartzeko egin dituen hamabi gomendioekin. Halaxe uste du euskal presoen egoera salatzen duen Herrira mugimenduak. "Lagungarriak" izan daitezke gatazkaren konponbidea blokeo egoeratik ateratzeko, "Gernikako Akordioaren eta Aieteko Bake Konferentziaren bide orrian sakontzen baitu".

Herrira-k konpromisoa berretsi du bide orriarekin, eta beraz, egokiak iruditzen zaizkio aurrera egiten lagunduko duten "ekimen oro". Horregatik "alde guztiek aintzat hartu" beharko lituzkete gomendioak, "eta bereziki ezin dugu aipatu gabe utzi Espainiako eta Frantziako gobernuek egungo egoeran duten erantzukizun larria, urrats bakar bat ere ez egiteaz gain, presoen eta haien senideen giza eskubideak larriki urratzen jarraitzen baitute". Haren ustez, "premiazkoa" da gomendioen laugarren puntuari heltzea, "espetxe politika eta eratorritako salbuespen neurriek eragiten duten sufrimenduaarii amaiera emateko". Mugimenduaren ustez, "adostasun zabala hedatzen hasteko garaia da", ehunka euskal preso eta iheslarien arazoari "konponbide integrala" emateko modua topatzeko asmoz.

Sorturentzat "baliagarriak"

Sortuko bozeramaile Amaia Izkok eta Pernando Barrenak egin dute balorazioa goizean. Esan dutenez, Foro sozialaren antolatzaileen eta bertan parte hartu zuten fundazioen gomendioek "konponbide prozesua bideragarri egiteko erreferentzia baliagarria" dira.

Zentzu horretan, Izkok eta Barrenak jakinarazi dute Sortuk "foroak planteatzen duen ariketan hartuko duela parte, jarrera eraikitzaile eta posizio propio batetik". Gomendioen bildumak "soluziobidean aurrera egiteko baliagarritasuna" duela nabarmendu dute, eta gaineratu aholku horiek ezin daitezkeela "banaka aztertu edota baloratu".

"Era berean, gure ustez atzo aurkezturiko gomendioek prozesuaren garapen eta bideragarritasunean ardura dugun eragile guztiok interpelatzen gaituzte", esan dute. Sortuko bozeramaileek dei egin diete eragile politiko, sozial eta instituzionalei aholkuei "modu eraikitzaile batean" erantzun diezaieten.

"Beste urrats bat aurrera", Urkulluren ustez

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, berriz, uste du gomendioak "beste urrats bat aurrera" direla baina "beste era batera idatz zitezkeela". "Garai berri batean gaude eta garrantzitsua da pausoz pauso aurrera egitea", gaineratu du.

Peruko lehen ministroari ongi etorria egin ondoren eman ditu azalpenak hedabideen aurrean. Haren esanetan, alde guztiak "jabetu" behar dira egin beharreko lanaz. Horren harira, iragarri du Eusko Jaurlaritzak "datozen egunetan" aurkeztuko duela Bake eta Elkarbizitzarako Plana.

Aresen arabera, "Sorturi dagokio gomendioak betetzea"

Rodolfo Ares PSE-EEko zuzendaritzako koordinatzaileak esan duenez, bake prozesua sustatzeko foroaren gomendioen bilduma "enkarguz eginiko txosten bat da, Sortuk behar duena eta sustatzen duena, eta hari dagokio proposatzen dena aurrera ateratzea".

Halaber, esan du ezker abertzalearen jarreran "berritasunak" antzeman dituela, eta adibide gisara aipatu du eragindako oinazea aitortzea eta barneratzea ez dela "konponbide kolektiborik" izango presoentzat. Edonola ere, gaineratu du gomendioak ez direla nahikoa, ETAren amaiera eskatzen ez duela eta justizia trantsizionalari erreferentzia egiten zaiola argudiatuta.

Gizarte foroak ez du sinesgarritasunik, PPren esanetan

Laura Garrido PPko legebiltzarkideak, Eusko Legebiltzarrean eginiko agerraldian, esan du gizarte foroak ez duela sinesgarritasunik, iritzita hasieratik partziala izan dela. "Ez da gerrarik egon, ezta bi alde ere; talde terrorista bat egon da, ETA, bere proiektu totalitarioa hilketen, mehatxuen eta xantaien bidez inposatzen saiatu dena".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.