EHUko Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak Diskriminazioa eta aniztasuna EAEn: perspektibak, esparruak eta kolektiboak izeneko azterketaren emaitzen berri eman du, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren artean diskriminazioaren inguruan dauden pertzepzio eta jarrerei buruzko balorazio soziologikoa plazaratzeko.
Azterketaren arabera, «herritarren %24,4ak adierazi du bizitzako uneren batean diskriminatu egin dutela», eta ehuneko hori handiagoa da emakumeen kasuan (%28,9) gizonen artean (%19,6) baino. Hala, diskriminaziorako arrazoien artean gehien aipatzen direnak emakume izatearekin, jatorriarekin edo adinarekin lotutakoak dira.
Eusko Jaurlaritzaren EPADE 2020 azterketaren baitan eginiko inkestan oinarrituta, BOPI (Basque Open-mindness Index) aniztasunarekiko irekitasunaren euskal indizeak 72,7 puntu eman dizkio euskal gizarteari 0tik 100era bitarteko eskalan, non 100ek aniztasunarekiko erabateko onarpena esan nahiko lukeen. Horri dagokionez, Ikuspegik hurrengoa adierazi du: «Datu hori, hobetzeko marjina dagoela adierazi arren, gizarte ireki, inklusibo eta tolerantziari dagokio, zalantzarik gabe, bere gizarte-dibertsitate osoarekin».
Herritarren jokabideari buruzko azterketa honek, ordea, agerian utzi du ere badirela jarrera «ez hain toleranteak» bi kolektibo jakinekiko: ijitoen komunitatea eta etorkinak. Gizarte talde horiek dira, hain zuzen, bizitegi-eremuan etxebizitzak eskuratzeko zailtasun handiena dutenak.
Azterketaren arabera, «bizitegi-diskriminazioa da, alde handiarekin, gehien hautematen dena, ziurrenik kolektibo batzuek nabarmen sufritzen dutelako eta bizitegi-merkatu basati batean kokatzen delako, non etxebizitza ia ez den eskubidetzat hartzen». Puntu honetan, Ikuspegiren azterlanak gazteak ere kaltetutzat jotzen ditu, eta zehazten du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleen %82,2k uste duela herritar guztiek ez dutela aukera bera alokairuko etxebizitza bat eskuratzeko.
Diskriminazioa lan eremuan
Lan eremuari dagokionez, diskriminazioa emakumeen artean ere nabaritzen da, eta horrekiko pertzepzio orokor bat identifikatu du Ikuspegik: «Euskal gizarteak aitortzen du gizonen eta emakumeen arteko lan-desberdintasuna, batez ere erantzukizuneko lanpostuetarako sarbidean».
Hala, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleen %78,1ek badaki pertsona guztiek ez dituztela aukera berak lanpostu bat eskuratzeko orduan, eta %77,6k ezberdintasunak hautematen ditu ere erantzukizuneko lanpostu bat eskuratzeko garaian, alde hori emakumeen, atzerritarren eta ijitoen kasuan nabarmenagoa izanik.
Hain zuzen, emakumeen %42,5ek uste du emakume izateak kalte egiten diola lanpostu bat eskuratzeko orduan, eta erdiak baino gehiagok (%55,5) dio baldintza negatibo bat dela erantzukizuneko lanpostu batera heltzeko.