Gizarte ezberdintasunak eta generoak eragin zuzena du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleen osasunean. Osasun sistema unibertsala dagoen arren, egoera ekonomiko txarrak, emakume izateak edo ikasketarik ez izateak eragin zuzena dute osasunean, besteak beste. Ondorio horretara heldu da Gizarte ezberdintasunak EAEko biztanleriaren osasunean ikerlana. «Biztanleen osasuna hobetzeko gizarte ezberdintasunen eta hezkuntzaren alorrean lan egin behar dela erakusten du ikerlanak», azaldu zuen Iñigo Lamarca EAEko arartekoak txostenaren aurkezpenean, atzo.
«Norberaren egoeraren arabera, oinarri ezberdinetik hasita jokatzen dugun loteria da osasuna», ondorioztatu zuen Amaia Bacigalupe de la Herak, ikerlanaren egileetako batek. Bacigalupek eta Unai Martin Roncerok EAEko Arartekoaren diru laguntza jaso zuten 2005. urtean ikerlan hori egiteko. Biztanleen egoera sozioekonomikoaren eta osasunaren arteko harremana aztertzeko helburua zuten, eta ondorio adierazgarriak atera dituzte. «Ez da aberatsen eta txiroen arazoa bakarrik; gizarte maila guztietan eragina du».
Lau ondorio nagusi jakinarazi zituzten aurkezpenean Bacigalupek eta Martinek: gizarte klaseak eta ikasketa mailak osasun egoera baldintzatzen dute; ordaindutako lana eta modu desorekatuan banatutako etxeko lana uztartzeak eragin negatiboa du emakumeen osasunean; osasuneko gizarte desberdintasunak belaunaldi batetik bestera pasatzen dira; eta, azkenik, Espainiatik Arabara, Bizkaira edo Gipuzkoara joan zirenek bertan jaiotakoak baino osasun txarragoa dutela.
DIRUA ETA OSASUNA, LOTUTA. Egoera horiek beste herrialde askotan gertatzen direla aurreratu zuten ikertzaileek, baina hori ez dela erabili behar gaia bere horretan uzteko aitzakiatzat. «Ezberdintasunekin bukatzeko lan egin behar da, frogatu baita bide hori osasun maila hobetzeko baliogarria dela».
Aztertutako datuen arabera, kokapen sozioekonomikoa zenbat eta okerragoa izan, orduan eta handiagoa da osasun txarra izateko, gehiago gaixotzeko eta gutxiago bizitzeko arriskua. Norberaren osasunaren balorazioa oso lotuta dago gizarte klasearekin. Osasun txarra dutela dioten gizonen kopurua %76 handiagoa da gizarte klase apalenean altuenean baino. Aldea %49koa da emakumeen datuen artean.
Ikasketa mailari dagokionez, batez beste %36ko aldea dago ikasketarik egin ez dutenen eta unibertsitateko ikasketak egin dituzten pertsonen artean. Aipatu bi muturren arteko datuen bilakaera, klase apalenareb eta altuenaren artean, progresiboa da. «Desberdintasunak gizarte multzo osoari eragiten diote». Egoera bertsua gertatzen da osasunarekin eta bizitza kalitatearekin lotutakoadierazleekin. Arazo kronikoak - hipertentsioa, kolesterola, diabetesa edo artrosia kasu -, sedentarismoa...
Datu horietan guztietan ikerlanaren beste ondorio bat gelditzen da agerian: EAEn jaiotakoen eta EAEtik kanpo jaiotakoen arteko osasun mailaren arteko ezberdintasuna. 45 urtetik gorakoen artean bildu dituzte Bacigalupek eta Martinek datu horiek, aurreko mendeko 60ko hamarkadan Espainiako estatutik EAEra etorri eta bertan bizi zirenen arteko aldea ikusteko. «Desberdintasun ardatz garrantzitsua da hori», esan zuen Martinek.
Egoera horiek guztiek seme-alabengan ere eragina duela erakusten du ikerlanak.
EMAKUMEA ETA LANA . Emakumeak gizonak baino gehiago bizi diren arren, osasun txarragoa dutela agerian uzten du ikerlanak. Era berean, dio ordaindutako lana eta etxeko lana uztartzeak eragin negatiboa duela emakumeen osasunean, etxeko lanak partekatzen ez direnean. Emakume horiek %56 aukera handiagoa dute osasun kaskarra dutela aitortzeko, etxeko lanak bikotekidearekin egoki banatzen dituztenekin alderatuta; aukeren erdiak dituzte aisialdian kirola egiteko; %81eko aukera, zazpi ordu baino gutxiago lo egiteko; eta %41, erretzaileak izateko.
Gizarte ezberdintasunak EAEko biztanleriaren osasunean ikerlanak argi utzi du, halaber, bikote gazteetan ez dela apurtu gizon- emakumeen arteko ezberdintasuna etxeko lanak egiteko orduan.
«Oinarri ezberdinetatik hasita jokatzen dugunloteria da osasunagaur egun»
Amaia bacigalupe de la hera
ikerlanaren egilea
«EAEn jaiotakoen eta Espainiako estatutik EAEra etorri zirenen arteko aldea garrantzitsua da»
unai martin roncero
ikerlanaren egilea
Gizarte klaseak eta generoak osasunean eragin zuzena dutela erakutsi du ikerketa batek
Egoera sozioekonomikoa okerragoa den heinean osasun txarragoa izateko arriskuak gora egiten du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu