Gizarte laguntzak lortzeko zailtasun gehiago dituzte etorkinek

SOS Arrazakeriaren ikerketa bat oinarri, EAEko arartekoak dei egin du etorkinekiko uste okerrak desegiteko

Etorkin adingabeen egoeraz ohartarazteko eginiko protesta, Gasteizen, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / ARP.
jon olano
Donostia
2011ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
EAEn bizi diren etorkinentzat bertan jaiotakoentzat baino zailagoa da gizarte laguntzak eskuratzea. Ondorio horretara ailegatu da SOS Arrazakeria, etorkinek jasotako laguntzen gaineko ikerketa batean. Zailtasun ohikoenakirregulartasun administratiboei eta Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta eskuratzeko alokairu kontraturik ez izateari lotutakoak dira. Elkartearen arabera, etorkinek laguntza «gehiegi» jasotzen dituztelako ustea zabalduta dago, eta, ikerketaren bidez, uste hori desegin nahi izan du.

Ikerketa taldeko Maitane Arnosok eta Mikel Mazkiaranek aurkeztu zuten atzo azterketa, Iñigo Lamarca Euskal Autonomia Erkidegoko arartekoarekin batera. Izan ere, erakunde horrek emandako beka baten bidez egin dute azterketa. Etorkinak «estigmatizatzen» dituzten usteak desegiteaz gain, horien gizarteratze maila behatu nahi izan dutela azaldu zuen Mazkiaranek: «Mitoak desegiteko, ikerketak behar ditugu, ez kontsignak».

Ikerketa kualitatiboa egin dutela nabarmendu du SOS Arrazakeriak, baina arlo bereko azterketa ugaritan jasotako datuak oroitarazi dituzte. Besteak beste, esan dute EAEn etorkinen %2,1 bizi direla gizarte laguntzei esker eta horien bitartez jasotakoa gutxiago dela gainontzeko etorkinek lanaren bitartez gizarte segurantzari eta ogasunari egiten dioten ekarpena baino. Bestalde, krisi ekonomikoaren ondorioz uste horiek areagotu direla uste du Mazkiaranek, baina testuinguru horretan erakundeek hartutako neurriak kritikatu ditu. Hain zuzen, uste du bidegabea dela Eusko Jaurlaritzak urte batetik hirura luzatzea laguntzak eskuratzeko eskatzen den errolda denbora.

Etorkizunera begira, hainbat erronka proposatu dizkie Mazkiaranek erakundeei. Batetik, uste du laguntzak emateko baldintzen interpretazioa ezin dela zurruna izan, eta «etorkinen beharrei egokitzeko» eskatu die. Bestetik, arlo horretan «pedagogia» egitea eta mezu «asaldagarriak» saihestea galdegin die.

Laguntzak, «beharrezkoak»

Lamarcak nabarmendu du gizarte laguntzak beharrezkoak direla, eta gaineratu du oinarrizkoa dela ongizate estatuetan bizimodu duina izateko eskubidea. Haren iritziz, laguntzak eskuratzeko bertakoen aukera berak izan behar dituzte etorkinek, arrazoi etiko eta humanitarioengatik, baita ogasunari egiten dioten ekarpenagatik ere. Aurreiritziei aurre egiteko eskatu dio Lamarcak gizarteari, «ez direlako egia», eta, oroitarazi duenez, edozein izan daitekelako etorkin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.