Laguntza Justuagoak izeneko plataforma hasi da lehen urratsak egiten Interneten. Webgune bat sortu dute, nahiz eta oraindik ez duten informaziorik eman taldeari buruz.
Javier Maroto Gasteizko alkatearen itzala oso nabaria da, hala ere. Plataformaren Twitter kontutik, alkatearen hainbat mezu zabaldu dituzte, adibidez.
Diru sarrerak bermatzeko errenta dute jopuntuan. Azken hilabeteetan, laguntza hori mugatzeko eskatu eta eskatu ari da Maroto alkatea (PP). Ez du babesik parlamentuan —gainerako talde guztiak kontra ditu—, eta herritarrak mobilizatzea nahi du orain. Bidea: plataforma bat sortu, eta sinadurak bildu, legebiltzarrari aldaketa eskatzeko. 30.000 sinadura behar dira horretarako, eskaria herri ekinbide legegile gisa aurkezteko.
Marotoren taldeak jakinarazi du dagoeneko 200 boluntario dauzkala Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Taldearen beraren aurkezpen ofiziala datorren astean egitekotan dira.
Gizarte laguntzen inguruan Marotok sortutako istiluaren ondoren, beste gorabehera batzuk ere izan dira Gasteizen. Batetik, immigranteak defendatu zituen gizon bati eraso egin zioten gizarte etxe batean; bestetik, autobus gidari batek galarazi egin zion garraio publikoa erabiltzea andrazko bati, burka jantzita zeramalako. Areago, gidari hori ere sinadurak biltzen hasi da, burka daramatenei autobusera igotzea galarazteko.