Eusko Jaurlaritza

Gizarte Segurantzaren eskumena negoziaziotik kanpo utzi du Batetek

Espetxeen eskumena negoziatzeko prest agertu da. Zazpi urteren ostean, Bilbon elkartu dira Espainiako Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako kideak, Arabako AP-1 autobidearen eta Bizkaiko Alonsotegi-Barakaldo eta Bilbo-Basauri trenbideen eskuduntzen eskuz aldatzeko. Eskualdatze gehiago egiteko egutegi bat itxi nahi dute urtea amaitu baino lehen.

Erkoreka eta Batet, gaur, Batzorde Mistoaren bileran. IREKIA.
2018ko azaroaren 26a
06:57
Entzun

"Adeitsua eta emankorra" izan da Eusko Jaurlaritzaren eskumenei buruz aritzeko Batzorde Mistoaren bilkura, Josu Erkoreka Autogobernu sailbururen hitzetan. Aurreikusi bezala, Arabako AP-1 autobidea eta Bizkaiko Alonsotegi-Barakaldo eta Bilbo-Basauri trenbide zatiak Eusko Jaurlaritzaren esku geratuko dira aurrerantzean. Bi dekretu argitaratuko dituzte horretarako, "laster eta aldi berean", BOE Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean eta EAEko aldizkari ofizialean.

Meritxell Batet Espainiako Lurralde Politika ministroak iragarri duenez, ordea, Gizarte Segurantzaren eskumena negoziaziotik kanpo utzi dute. Eskualdatze hori egitea "oso konplexua" dela argudiatu du Erkorekak. Batetek, aldiz, espetxe eskumena negoziatzeko prest daudela berretsi du —Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne Ministroak esan zuen espetxe eskumena Jaurlaritzaren esku uztea ez dagoela agendako lehentasunen artean—. Urtea amaitu baino lehen itxi nahi dute eskumen horien inguruko egutegi bat.

Urtarrilaren 1etik aurrera hartuko ditu Jaurlaritzak bere gain gaur eskuz aldatutako azpiegiturak. AP-1 autobideko zatiagatik, 287.875 euro deskontatuko dituzte kupotik, urtero; Bizkaiko trenbide zatiengatik, berriz, 138.090 euro. Trenbideen kasuan, bi gobernuek "lankidetza bermatzeko beharrezkoak diren akordioak" sinatuko dituztela iragarri dute, Jaurlaritzaren eta Madrilen "trenbide sareen arteko elkarreragingarritasuna sustatzeko".

Bederatzina kidek osatu dute gobernu bakoitzaren ordezkaritza. Eusko Jaurlaritzaren izenean, Erkorekaz gain, han izan dira Ekonomiaren Garapenerako eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia eta Ogasun eta Ekonomia sailburu Pedro Azpiazu. Madrilen izenean, berriz, Meritxell Batet Espainiako Lurralde Politika ministroa izan da buru, Jose Ignacio Sanchez Lurralde Lankidetzako estatu idazkariarekin eta Jesus Loza Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariarekin batera.

Gaurkoa egun "garrantzitsua" dela nabarmendu du Jaurlaritzaren bozeramaileak; izan ere, 2011tik zegoen batu gabe Batzorde Mistoa. Uztailean, ordea, Madrilek eta Jaurlaritzak hitzartu zuten bide orri bat ezartzea 37 eskuduntzen transferentzia egiteko. Erkorekak zehaztu du erabaki dutela "lanean hastea" egutegi hori urtea amaitu baino lehen adosteko, eta oroitarazi du Madrilek aurkeztu behar duela bide orri bat.

EH Bildu: "Agortutako eredua"

EH Bilduko legebiltzarkide Nerea Kortajarenaren hitzetan, "kontu txikiak" dira gaur bi gobernuek adostu dituztenak, eta kritikatu du Madrilek ez duela eskumen "garrantzitsurik" eskuz aldatzeko asmorik. Gizarte segurantzarena eta espetxeena aipatu ditu, eta gogora ekarri du horien inguruan Madrilek adierazitako jarrera ez dela baikorra. "Eskumenak negoziatzeko eredu hau agortuta dago", esan du Kortajarenak Onda Vasca irratian.

PSE-EEk, aldiz, garrantzia eman dio gaurko akordioari, eta ziurtatu du sozialistak "konprometituta" daudela "euskal autogobernuarekin, bizikidetza demokratikoa ardazteko eta hiritarrentzat ongizatea sortzeko tresna den heinean". Idoia Mendia idazkari nagusiaren hitzetan, "gure autogobernuaren garapenik handiena beti etorri da sozialisten eskutik".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.