Gizarte taldeak ez daude ados datuekin eta analisiekin

Elkartzen-ek Lakuari egotzi dio pobrezia Europan bezala ez neurtzea

GASTEIZ
2005eko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Pobreziaren arloan diharduten gizarte taldeak ez datoz bat ez Eusko Jaurlaritzak emandako datuekin, ezta inkestaren harira egindako balorazioekin. Elkartzen-ek, adibidez, Lakuari egotzi dio txirotasuna Europan erabiltzen ari diren sistemekin ez neurtzea, eta, ondorioz, ez dute sinesten Joseba Azkarragak emandako datu sortan: «Datuak ez datoz bat errealitatearekin. Nola liteke iaz Oinarrizko Errenta 29.000 etxetan kobratu, eta, inkestak dioenez, pobrezia kasu larrienak soilik 4.000 etxetan izatea?».

Gainera, Elkartzen-ek gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzak berak onartu zuela nazioarteko erakundeei emandako datuetan gizartearen %14 bizi dela pobrezian.

Txiroekin Bat Eginik, zuhur

Txiroekin Bat Eginik taldea ere oso zuhur ageri da, ez hainbeste datuekin, balorazioekin baizik. «Azkarragaren balorazioak gehiegizkoak direla iruditu zait», dio Iñaki Uribarrik. Taldeko kideak erreparatu die kasurik larrienak ez direnen atalei: «Beherakadaren murrizketa txikia da, pobreziarik larrienean izan ezik, eta aintzat izan behar dugu azken lau urteotan %15eko hazkunde ekonomikoa izan dela». Uribarrik ere begiratu dio Oinarrizko Errenta jasotzen dutenen kopuruari: «Datuek diote txiroen %70 inguruk kobratzen dutela, eta horrek frogatu du Oinarrizko Errentak ez duela balio pobreziatik atera ahal izateko».

Gainera, «pobrezia ezkutua» dagoela dio, gurasoekin bizi diren 35 urtez beherakoena, alegia. Horietako batzuek familia utzi eta tasak izugarrizko igoera izango lukeela uste du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.