ETAk bere amaiera ofizial egin eta hamar egunera, ekitaldia egingo du Foro Sozialak, "gatazkaren konponbide prozesuan gizarte zibilak izan duen rolari balioa aitortzeko". Ekitaldia datorren igandean izango da, Donostiako Bakearen Usoa eskulturaren parean.
Agus Hernan Foro Sozialeko bozeramaileak azaldu duenez, plataformak Maroñoko elkarrizketen esperientzia ekarriko du gogora, elkarrizketa horiek hasi zirela 25 urte beteko direnean. 1993ko maiatzaren 15ean, sentsibilitate desberdinetako hainbat elkarte bildu ziren Arantzazun (Oñati, Gipuzkoa), bakegintzari bultzada emango zion konpromiso bateratua adostu asmoz. Bilera horretan elkartu ziren Elkarri, Amnistiaren Aldeko Mugimendua, Gernika Batzordea, Herria 2000 Eliza, Senideak, Bakearen Aldeko Koordinakundea, Denon Artean eta Bakea Orain.
Lehen bilera horrek segida izan zuen urte bereko uztailaren 10ean, Bilboko Otxarkoaga auzoan; urriaren 30ean, Gernikan (Bizkaia), eta 1994ko urtarrilaren 16an, Maroñon (Araba). Azken bileraren ostean, adierazpen bat onartu zuten eragile guztiek, eta dei egin zuten indarkeria adierazpen guztiak elkarrizketarekin ordezkatzera, bakerako bide gisa.
Hernanek gaineratu du ETA "era ordenatuan eta nazioarteko egiaztapenarekin" desegin ostean, hiru lan ildo izango dituela Foro Sozialak: "biktimak, presoak eta memoria barneratzailea". Elkarteak hiru ardatz horietarako lan taldeak osatuak dituela jakinarazi du.