Egun "gazi-gozoa" da gaurkoa, Brian Currin berak euskaraz esan duenez. HNTko kidearen ustez, badago zer ospatu, baina gazitik ere badu egunak, "aro baten amaiera" delako. Nabarmendu du Euskal Herriko bake prozesua “berezia” dela munduan, gizarte zibilak izan duen protagonismoagatik, eta hari eta alderdiei lan egiten segitzeko eskatu die.
Currinen hitzetan, normalizazio politikoak "erokeria" zirudien 2010ean, baina normalizazio hori zen nazioarteko erraztaileen helburua. Oraindik orain presoen auzia konpontzeke dagoela nabarmendu du, baina ikusten dituela aurrerabiderako aukerak, Espainiako Gobernuan izandako aldaketa eta Kongresuan bestelako espetxe politika baten alde dauden indarrak oinarri hartuta: “Nork daki zer gertatuko den sei hilabete barru? Inork ez, baina kontua da adierazle positiboak hor daudela”.
Egiteko dagoenaz jakitun, aurrerantzean ere HNTkoak laguntzeko prest izango direla azaldu du Currinek, baina maila pertsonalean, beti ere.
Foro Sozialak eta Bake Bideak eman diote amaiera ekitaldiari. Haiek ziren, izan ere, antolatzaile nagusiak. Anaiz Funosasek nabarmendu du bidea ez dela bukatu, eta hiru lehentasun jarri ditu: biktima guztien aitortza, preso, iheslari eta deportatuen egoera konpontzea, eta "egia guztiak onartuko dituen kontakizun bat" osatzea.
[youtube]https://youtu.be/kJIm-PF9t2Q[/youtube]
Ordezkari ugari
Aieteko bilkuran dira, besteak beste, Joseba Egibar (EAJ), Maddalen Iriarte (EH Bildu), Lander Martinez (Elkarrekin Podemos), Rafa Eraso (Geroa Bai) eta Hego Euskal Herriko sindikatu nagusietako ordezkariak. Goizean, Euskal Elkargoko lehendakari Jean Rene Etxegarairekin bildu dira Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideak.
Topaketa bat egin dute aurrena HNTko kideek eta gizarteko ordezkariek.
Kofi Annan gogoan
Nekane Alzelaik gidatu du ekitaldi publikoa, Bake Bidearen eta Foro Sozialaren izenean. Eskerrak eman dizkie bertaratutako guztiei, eta "perspektiba" eskatu du: gogoratzeko non zegoen euskal gatazka duela bi urte. Tarte horretan izan dira, besteak beste, ETAren armagetzea eta desegitea. Eneko Goia Donostiako alkateak, berriz, gogora ekarri du “mugarri” izan zela 2011ko urriaren 17an —gaur zazpi urte— Aieten egindako ekitaldia, eta esker ona adierazi die HNTko kideei.
Goiak berak aipamen berezia egin dio Kofi Annan NBEko idazkari nagusi izandakoari —abuztuan hil zen, 80 urterekin—, Euskal Herriko prozesuan egindako lanagatik. Minutuko isilunea egin dute haren omenez.
Paul Riosek hartu du hitza Currinen aurretik: “Herri eta gizarte honengatiko konpromisoa erakutsi dute”. Lokarriko kide ohiaren esanetan, “aukerak bilatzen, burugogorrak izaten” lagundu diete zazpi urteko bidean. “Hau nork lortu duen esateko medailarik” ez dela jarri behar ohartarazi du Riosek, baina bai ekarpen garrantzitsua egin dutela HNTko kideek. “Urte askotan, gure bizitza osoan gogoratuko zaituztegu”.
Zazpi urteko bidea
2011ko otsailaren 14an eman zuten HNTren sorreraren berri —Sortuk estatutuak aurkeztu eta astebetera—, "Euskal Herriko normalizazio politikoa lortzeko" eragileen arteko harremanak erraztea eta ahalbidetzea helburutzat jarrita.
Brian Currinek, Alberto Spektorowskik, Raymond Kendallek, Silvia Casalek, Pierre Hazanek eta Nuala O'Loanek osatu dute taldea. Haietako inor ez zen izan Aieteko Adierazpenaren sinatzaile, baina hura eta bestelako hainbat ekitaldi sustatzen aritu dira HNTkoak.
Ezustekorik ere izan dute egiteko horretan. 2014ko otsailaren 28an, Baionako Bake Forumaren bezperan, Frantziako polizia etxera deitu zituzten Currin, Casale, Hazan, Kendall eta Spektorowski, deklaratzera, Laurence Le Vert frantziar epaileak aginduta.
HNTren amaierarekin, nazioarteko talde laguntzaileek bukatu dute beren fasea. NEB Nazioarteko Egiaztatzaileen Batzordeak iaz utzi zuen, eta Henri Dunant zentroak, aurten.