Maiatzaren 24ko hauteskundeetan herritarrek Nafarrako parlamentu "aniztuna" aukeratu zutela esanez hasi du hitzaldia Uxue Barkosek. "Gizarteak esan digu poliedrikoa dela", adierazi du Barkosek, eta eskaera horri erantzuteko daudela gogorarazi die gainerako parlamentariei. Hori ahalbidetzeko beste era bateko politika egin behar dela azpimarratu du, "negoziazioan oinarrituta". Horren adibidetzat jarri du lau alderdien artean hitzartu duten gobernu programa, eta Nafarroako gai estrategikoetan oposizioarekin akordioak lortzeko saioa egingo duela iragarri du.
Gobernuaren jarduteko larrialdiko lehen neurrien artean, krisia gehien jasan dutenen beharrei erantzutea dela esan du Barkosek. Ekonomiaren alorrean, enplegua sortzeko helburua izango dutela aurreratu du. UGT-CCOO-CEN biltzen duen Elkarrizketa Sozialaren Kontseilua finantzatzeko diru saila kentzeko asmoa du gobernuak. Zerga politikaz esan du urtarrilaren 1ean indarrean sartuko den zerga erreforma ezarriko duela, eta lau urtean "egonkor" izateko konpromisoa hartu du.
"Nafarroako Gobernuaren obsesioa izango da hezkuntza". Alde horretatik, PAI eredua eten egingo dute urtebetez, egoera aztertzeko. "Elebitasunetik abiatuta eta aukera hori baliatuta, atzerriko hizkuntzen ikasketa bultzatuko du gobernu honek". LOMCE kritikatu eta Ikastolen lana goraipatu du.
Hizkuntz normalizazioaren ardatzak ere eman ditu Barkosek: transbertsalitatea, eraginkortasuna eta parte hartzea. Hizkuntz eskubideetan aurrera egiteko arau esparrua ere iragarri du. Batik bat, gaztelaniaz egin du hitzaldia Barkosek.
Emakumeen indarkeriaren aurkako plan estrategikoak "nahikoa baliabide" izango dituela esan du, eta energia politika eta klima aldaketa kudeatzeko erakunde publiko bat sortuko duela. Nafarroako ubideari buruz esan du ureztatze eremuko gainkostuak aztertu nahi dituztela.
Autogobernuaren "defentsa irmoagoa" iragarri du Barkosek. Auzotasun eta lankidetza harreman onak iragarri ditu, eta EAErekiko erlazioak normalizatu nahi ditu, baita Nafarroa Behereko udalekin erlazioak sakondu ere.
"Orain dugun bakeak memoria, justizia eta biktima guztien erreparazioa izan behar du, salbuespenik gabe”, adierazi du bakegintzari buruz.
Esparza, gogor
Javier Esparza UPNko parlamentariak gogor ekin dio bere diskurtsoan Uxue Barkosen hautagaitzaren kontra. “Barkos anderearen eta Adolfo Araiz jaunaren izendapenari" ezezko botoa emango diola iragarri du. Haren esanetan, Araiz "itzalpeko presidente" izango da, eta hori “oso garesti ordainduko dute nafarrek”. EH Bilduk bi departamentu estrategiko lortu dituela esan du.
UPNrentzat, programa ekonomikoak ez du sinesgarritasunik: “Nondik aterako da dirua?". "Nafarroaren euskaldunizazioa" ere salatu du Esparzak. Euskara errespetatzen dutela esan du, baina "inposatu" egin nahi dutela salatu du.
Barkos ez dutela babestuko errepikatuz bukatu du hitzaldia: "Ezin dugu babestu EH Bilduri Nafarroaren kontrola eman dion gobernua".
Martinez: "Azkenik, bagara"
Martin Luther King-en askatasunaren martxa eta I have a dream diskurtsoa Nafarrora ekarriz hasi du hitzaldia Geroa Baiko eledun Koldo Martinezek. Haren hitzaldian, ganbera isildu egin da, gogoan hartu baititu, sentimendu handiz, 36ko gerratik hasitako biktimak. "Urte askoz beldurrean bizi nintzen. Hitz egiteko beldurrez, iritzia emateko beldurrez, again, aitona fusilatu zutelako”. Orain nafarrek badirela esan dezaketela nabarmendu du; “azkenik, bagara”.
Trantsizioa gogoan, Amnistiaren Legea frankismoaren hilketak ez ikertzeko koartada izan zela adierazi du. "Ez da ezeren eredu Espainia".
Martinezen arabera, bukaturoaz "Nafarroatik urrun diren bulegoetan" erabakitzeko garaia. "Zer sinesgarritasun dute CAN galbidera eraman dutenak?” da Nafar, esan du UPNren gobernuari erreferentzia eginez.
Araizek "leialtasuna" eskatu du
EH Bilduren izenean Adolfo Araiz parlamentariak iragarri du aldeko botoa emango diola Uxue Barkosi, eta leialtasuna eskaini dio. Trukean, eurenganako leialtasuna eskatu dio Barkosi, eta “engainatzen” ez uzteko.
Ohartarazi dio tentuz jarraituko dutela adostu duten gobernu akordioa betetzen dela. "Nafarroan aldaketa eraikiko bada guztion artean izango da", esan du, eta batzuen aldeko gobernutik gobernu integratzailea izatera pasa behar dela azpimarratu du.
Ustelkeria “usaina” duten kasuak, lagunkeriak eta CANen desagerpena gogoratu ditu Araizek: "Atzera begiratzean erregimen bat ikusten dugu". Eta UPNri esan dio ziklo berri batean daudela: “estrategia zaharrek ez dute balio".
Araizen arabera, aldaketaren gobernuak "ardura handia" izango du "biktima guztien aldeko neurriak hartzen".
Ahal Dugu-ren jarrera "eraikitzaile eta zorrotza"
Euskaraz hasi du hitzaldia Ahal Dugu-ko parlamentari eta eledun Laura Perezek. UPN-PSNren itun "itxuragabea" salatu du, eta gobernu berriaren kontseilariekiko konfiantza azaldu du gobernuaren osaerarekin kritiko azaldu arren. Laura Perezek espero du gobernu berriari agertuko zaizkion zailtasunak jarraipen batzordean gainditzea, "eta ez beste alderdietara jotzea".
Ahal Dugu-k jarrera "eraikitzailea baina zorrotza" izango duela adierazi du Perezek. Bereziki pozik agertu da Barkosek hitzaldian erreskate soziala azpimarratu duelako.
Txibite, eskua luzatuz
Maria Txibitek hartu dute hitza arratsaldean. Bere hitzaldian aitortu du "garai berri bat" dela hau, baina aldaketaren izenean aurreko guztia ezin dela ezabatu gaineratu du. Espainiako Konstituzioaren alde agertu da, eta gaur egungo marko instituzionala mantentzearen alde. Haserre agertu da, gainera, PSN erregimenaren partetzat hartzen dutenekin. "Batzuek erregimena deitzen duten horrek ahalbidetzen du gu hemen egotea".
PSNko bozeramaileak esan du akordio programatikoa orokorregia dela, eta leporatu dio diru partidak zehaztu gabe daudela, eta errege magoei egindako gutun batean geratu daitekeela adierazi du. Gastu publikoarentzat "garai zailak" datozela esan du. Gogor antzean aritu da Txibite, baina Barkosen bere argudioak eraitsi ostean, apalago aritu da. Esan du aukera emateagatik abstenituko dela.
Barkosek erantzun du akordioa irekita dagoela eta PSNk ez zuela bat egin nahi izan.
Barreak, Beltranen hitzaldian
Ana Beltran PPko bozeramailearen txandan barreak entzun dira ganberan, diskurtso gogor bat muturrera eramanda erridikulua bihurtu duelako. Aitortu du Beltranek gizarteak aldaketa nahi duela, baina bere hitzetan gizarteak nahi zuena ez da "abertzale eta ezker erradikalaren gobernu bat". Onartu behar izan du, ordea, zilegi dela lau alderdien gobernua. "Abertzale moderatuak, erradikalak, populistak eta ideologia komunistan iltzatuta daudenak" direla esan du.
Beltranek esan du beretzat biktima bakarrak ETArenak direla, eta Koldo Martinezetaz esan du moderatutzat jotzen bazuen ere ezker erradikal gisara ikusten duela orain. Akordio programatikoaz esan du lau hauteskunde programen nahasketa bat dela, eta gizartearen gehiengoa baztertzea duela xede. Barkosek erantzun dio esanez parlamentuan gehiengoa gizartearen gehiengoaren islada dela: "Ganbera honek erabakitzen badu, nik gobernatuko dut adostutako gobernu programarekin", erantzun dio Beltrani.