Bilboko Konpartsak oso pozik agertu dira gaur goizean Areatzako txosnen gunean. Parte hartzearen gorakada nabarmendu dute jaien balantzean. Baina ikusi diote hodei beltzik Bilboko Aste Nagusiari, bakarra bada ere: eraso matxistak. Hain zuzen ere, Bilboko Udalak atzo egindako behin-behineko balantzearen arabera, eraso sexistengatik zazpi salaketa ipini dira egunotan, eta horietako bat askatasun sexualaren aurkako delituagatik izan da. Jakin den azken erasoa atzokoa da: 28 urteko gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak. Txosnen gunean andre bati sexu erasoa egitea eta haren bikotekidea jipoitzea egozten diote. Ihes egin zuen arren, lekuko batek atzetik jarraitu zion, eta hala harrapatu zuen Poliziak.
Oihana Pascual konpartsen bozeramaileak herritarren artean sortu den kontzientzia nabarmendu du: "Azpimarratzekoa da jendarteak eman duen erantzuna. Aurten, Aste Nagusia gelditzera heldu gara, ostiralean ordu betez txosnak itxiz eta ekitaldi guztiak bertan behera utziz, 23:30etik 00:30era. Baina erantzun hau ez da soilik gurea izan". Txosnekin batera, tabernak itxi egin zituzten ostalariak, kontzertuak eten egin zituzten abeslariek, Hiri Krosseko lasterkariak eta geldialdiak iraun zuen bitartean txosnen gunean egon ziren herritarrak nabarmendu ditu Oihana Pascual konpartsen bozeramaileak.
Duela zortzi urte ipini zuten martxan erantzun protokoloa. Urterik urtera hobetuz joan direla azaldu du Pascualek. Aitortu du beti dagoela zer hobetu, baina, hala ere, balantze positiboa egin dute. Haren ustetan, "erantzun herrikoia eta autodefentsa feminista" dira erasoei aurre egiteko bidea. "Bilboko Konpartsak erreferentzia izan dira. Gure bulegoko telefonoak jaso dituen salaketak, txosnetara zuzen izan da jendea ere protokoloa martxan jartzera, konpartseroen laguntza eskatu denean. Etorkizunean ere bide horretan sakonduko dugu kaleak, gauak eta jaiak emakumeonak ere izatera heldu arte".