Ekonomia

Gizarteratzeko errenta jasotzen dutenen kontrola areagotuko du Nafarroako Gobernuak

Iaz 68 pertsonari kendu zieten errenta, eta Iñigo Allik "kasu zehatzak" direla onartu du, baina baliabide publikoak bermatu behar direla esan du.

joxerra senar
2014ko apirilaren 23a
08:22
Entzun

Administrazioan aurretik egiten zen zaintza lan bati buruzko plana aurkeztu du Iñigo Alli Nafarroako Gizarte Politiken kontseilariak. Baliabide gehigarririk ez dela jarriko aitortu arren, kontseilariak esan du planaren helburua dela diru publikoa "benetan beharra duten pertsonek" jasotzea.

Besteak beste, errenta kendu egingo zaie haurra eskolara "modu iraunkor eta aktiboan" bidaltzen ez duten sendiei; naziotasun bikoitza duten pertsonek "modu iraunkorrean" Nafarroako Foru Erkidegoan bizitzeko betebeharra betetzen dutela ziurtatuko dute; gertutik zainduko dira Espainiako Enplegu Publikoaren Zerbitzuak irregulartasunengatik diru laguntzak kentzen dituzten familiak; genero indarkeriagatik, droga trafikoagatik edo indarkeriagatik zigor epai irmoa duten pertsonen egoera ere aztertuko da; eta banaketa kasuak.

Alliren arabera, lantalde bat osatuko da departamenduko pertsonen gizarteratzeko eta garapenerako arreta zerbitzuko eta oinarrizko gizarte zerbitzuetako langileen artean, eta beste departamenduekin zein administrazioekin datuak gurutzatu ahalko dituzte. "Egungo protokoloak indartzeko plana da. Ez da baliabide gehigarririk jarriko", esan du Allik.

Iaz Nafarroan 9.472 sendik jaso zuten gizarteratzeko errenta, guztira 22.278 pertsonak. Gobernuak 37,8 milioi euro banatu zituen, eta 1.661 familiari laguntza bereziak eman zitzaizkien. Horietatik guztietatik  68 kasutan soilik kendu da errenta, besteak beste, datuak ezkutatzeagatik. Aurten, errentaren eskariaren arabera, gizarteratzeko errentaren aurrekontua "50 milioi eurora" hurreratuko dela jakinarazi du Allik. Iruzur kasu gehiago antzematea ere espero du, plan horri esker.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.