Ertzaintzak gizon bat atxilotu du Arrasaten, bikotekide ohiari beisboleko bate batekin eraso egin diolakoan. Ustezko erasotzaileak buruan jo zuen bikotekide ohia, etxean zeuden lekukoen arabera. Lekuko horien esku hartzeak geratu bide zuen erasoa.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, igandeko 15:30 aldera gertatu zen erasoa. Ordu horretan, biktimaren bizilagunek Ertzaintzari deitu zioten Arrasateko etxe batean liskarra zegoela eta. Ertzaintzari esan ziotenez, gizon bat bikotekide ohia mehatxatzen ari zen. Lekukoen arabera, gizonak metalezko beisboleko bate bat zeraman, eta ezkaratzeko tinbretik mehatxatu zuen.
Salaketak dioenez, erasotzaileak etxe barrura sartzea lortu zuen, eta emakumeak batea ikustean etxeko logela batean babestu nahi izan zuen bere burua. Lekuko batek kontatu du gizonak logelan harrapatu zuela emakumea eta buruan jo zuela batearekin. Emakumearen lagun bat etxean zegoen orduan, eta ustezko erasotzaileari batea kentzea lortu zuen. Horren ostean, horrek alde egin zuen etxetik.
Minutu gutxira ertzainak etxe inguruan aurkitu zuen ustezko erasotzailea, eta genero indarkeria egotzita, atxilotu egin zuten.
Biktima Arrasateko ospitalera eraman behar izan zuten, erasoak eragindako zauriengatik.
Larunbatean gizon bat atxilotu zuten Bilbon, urruntze agindua urratu zuelakoan
Gizonak Bilboko Funikularraren plazan aparkatu zuen autoa; biktima eta haren lagunak zeuden plaza berean. Emakumeak Poliziari deitu zion, eta agenteek gizona atxilotu zuten; orain, justiziaren esku dago.
Emakumearen aurkako indarkeriarentzako Auzitegiak jarri zion urruntze agindua, eta ezin zuen biktimarengandik 500 metro baino gertuago egon.