Iragan ostiral gauean gertatu zen erasoa, Baionako etxebizitza batean. Gizon batek bere neska lagun ohia kolpatu zuen, eta emakumea Baionako ospitalera eraman zuten larrialdi zerbitzuek, zauriengatik. Kolpeez gain, emakumea zintzurra tinkatuz itotzen saiatu zen gizona. Frantziako Poliziak larunbatean atxilotu zuen ustezko erasotzailea, Tarnosen (Landak, Okzitania), biktimak salatu egin baitzuen Baionako ospitalean.
Sud Ouest egunkariaren arabera, auzokoak erasoa gertatu zen etxebizitzara sartu ziren ostiral arratsean, «oihuak» entzun ondoan. Orduan, gizonak etxebizitzatik ihes egin zuen.
Larunbatean sartu zuten atxiloaldian gizona, Baionako Polizia Etxean, eta atxiloaldia luzatu egin diote. Arratsalde honetan pasatzekoa da Baionako fiskalaren aitzinetik. Ikerketaren arabera, emakumeak jadanik bost aldiz seinalatu zuen gizona bortizkeria kasuengatik, baina ez zuen salaketarik jarri.