Bikotekideari labanaz eraso egitea egotzita, Ertzaintzak 46 urteko gizonezko bat atxilotu du Donostiako Amara Berri auzoan. Emakumeak larri jarraitzen du Donostiako ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitatean. Gizonezkoa desagertuta egon da atzo goizaldetik, eta bart gauean atzeman du Poliziak kalean.
Gizonezkoak ustez labankada bat eman zion sabelaldean bikotekideari. Emakumea Donostiako ospitalera eraman zuten, eta hainbat ubeldura zituela ohartu ziren medikuak.
Donostiako udalak adierazi du halako gertaera larriek agerian uzten dutela emakumeen aurkako indarkeria "arazo estrukturala" dela eta guztien artean kanporatu beharrekoa. Emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean tolerantziarik ezin dela egon esan du udalak eta gizarteak "gaitzetsi eta salatu" beharrekoa dela.