INDARKERIA MATXISTA

Gizon bat atxilotu dute Getarian, lau emakumeri sexu abusuak egitea egotzita

Gasteizen, sexu eraso bat salatu du 22 urteko emakume batek.

Sexu erasoen aurkako elkarretaratzea Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS
2017ko abuztuaren 9a
20:05
Entzun

Ertzaintzak 31 urteko gizonezko bat atxilotu du Getarian, Gipuzkoan, sexu-abusu delitu bat eta agintearen aurkako atentatua egitea egotzita. Zehazki, hainbat emakumeri ukituak egitea eta ertzain bat jotzea leporatu diote.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, astearte goizaldean gertatu ziren erasoak, 04:00ak aldera. Ertzaintzak hainbat dei jaso zituen, ohartaraziz gizonezko bat emakumeak ukitzen ari zela. Hura bilatzeko lanak abiatuta, Sahatsaga kalean topatu zuten ustezko erasotzailea. Jaurlaritzaren arabera, atxilotzeko unean, gizonak ukabilkada bat eman zion ertzain bati.

Bestalde, 22 urteko emakume batek salaketa aurkeztu du Gasteizko Udaltzaingoan, gizonezko batek ukituak egin ziziolako. Abuztuaren 5ean gertatu zen erasoa, 01:30 aldera; ordu horretan, emakumea lagun batekin zihoan kalean, eta parean jarri zitzaien gizon talde bat. Horietako bat gerturatu zitzaion, eta aurpegia ukitu zion lehenik. Emakumeak eskua kendu zion, baina gizonak ukitu gehiago egin zizkion ondoren.

Gertatutakoa kontatu zion Udaltzaingoari, eta astelehenean aurkeztu zuen salaketa. Poliziak ikerketa abiatu du erasotzailea topatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.