Iruñeko Sanduzelai auzoan, hilik topatu dute 63 urteko gizonezko bat. Haren gorpua aurkitu dute bere etxebizitzaren eraikineko garajean, eta poliziak gizonezko bat atxilotu du hiltzailea delakoan. Atxilotua hildakoaren suhia da.
Lehen informazioen arabera, ustezko hiltzaileak bere bikotekidearen aitarekin eztabaida gogorra izan zuen, atzo, 15:00ak inguruan, eta eraso egin zion. Poliziak uste du hark emandako kolpeen ondorioz hil zuela gizona. Gorpua autopsia egitera eraman zuten 19:30ean.
Ustezko hiltzailea hainbat orduz gotortu zen Sanduzelai auzoko etxebizitza batean, eta poliziaren Operazioetarako Talde Berezia bertaratu zen, inor bahituta izan zezakeelakoan. Azkenean, bere burua poliziaren esku utzi zuen, 21:00ak aldera.
Atxilotua espetxean egona zen, eta baldintzapean zegoen aske.