INDARKERIA MATXISTA

Gizon bat atxilotu dute Santurtzin, bikotekide ohia jotzea egotzita

Goizaldean gertatu da erasoa.

Bandera moreak balkoian, indarkeria matxista salatzeko. MARISOL RAMIREZ / FOKU
2020ko apirilaren 6a
14:08
Entzun

Ertzaintzak gizonezko bat atxilotu du Santurtziko Mamariga auzoko etxebizitza batean (Bizkaia), bikotekide ohia jotzea egotzita. Adingabe batek eman dio abisua Ertzaintzari, esanez bere amaren bikotekide ohiak ama jo duela.

Polizia etxebizitzara joan da, eta emakumezkoa oso urduri topatu du, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Biktimak azaldu duenez, emakumea eta gizona elkarrekin bizi dira konfinamenduan zehar, seme-alaben zaintza partekatzeko. Testuinguru horretan, emakumeak azaldu du bikotekide ohiak iletik tira egin eta lepotik heldu diola.

Emakumeak bere burua gorde du seme-alaben logelan, eta handik hots egin dio Poliziari. Gizona, 37 urtekoa, atxilo eraman dute, genero indarkeria delitu bat egitea egotzita. Datozen orduetan igaroko da epailearen aurretik.

Horren harira, Astelehen Lilak elkarteak herritarrei dei egin die elementu moreren batekin irtetera balkoietara, 20:00etan, indarkeria matxistaren biktimak gogoan izateko. Elkarteak nabarmendu du, alarma egoeran, konfinamenduak «are zailago» egiten duela «salatzea eta laguntza eskatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak