Tolosan (Gipuzkoa) gertatu zen erasoa, atzo, arratsaldeko lehen orduan. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak jakinarazi duenez, atxilotutako gizonezkoa 17 urteko adingabe bati hurbildu zitzaion hura ikastetxetik irten zenean, eta dirua eskaini zion harekin sexu harremanak izatearen truke. Adin txikikoa erasotzailearengandik aldentzen saiatu zen, baina hark ekinean jarraitu zuen. Adin txikikoak komun publiko batzuetan hartu zuen babes eta bere amari eman zion abisu. Amak Ertzaintzari hots egin zion.
Erasotzailea adingabearengana behin eta berriz hurbildu zenez, hark elkarrizketa grabatu zuen sakelako telefonoarekin.
Ertzaintzak adierazi duenez, erasoa gertatzen ari zen lekura joan ziren ertzainak erasotzailearen jarreraren lekuko izan ziren. Biktima eta 51 urteko gizonezkoa "borondate propioz" eraman zituzten poliziek Ertzaintzaren komisaldegira, egoera argitzeko. Behin hara iritsitakoan, bien lekukotzak eta adingabeak grabatutako elkarrizketa entzun zituzten eta ertzainek gizona atxilotu zuten, adingabea prostituziora bultzatu izana leporatuta.