Baionako instrukzio epaileak 38 urteko gizon bat espetxeratzeko agindua eman du. Astelehen gauean Baionako Pilori karrikan emazte baten heriotza eragin zuen sutea piztea leporatzen dio. Baionako prokuradoreak gizona galdekatzeko agindua eman zuen. Atxilotuak azaldu omen dio hildakoaren bikotekide ohia dela. Galdeketaren ondoren, Anne Kayanakis prokuradoreak azaldu du genero indarkeriaren tesia hobesten duela, istripuaren tesia baztertuta.
«Atxilotutako gizona eta hildako emaztea bikotea ziren orduan; ezohiko bikotea, hitzaren zentzu burgesean, baina harreman hertsia zuten», azaldu du prokuradoreak. Burges hitza baliatuz, prokuradoreak azaldu nahi zuen ez zutela lege aldetik neholako engaiamendurik, ez zutela PACS estatusik, ez zirela ezkonduak eta ez zirela elkarrekin bizi apartamenduan.
Egoera horretan oinarriturik, prokuradoreak genero indarkeriaren hipotesia hobetsi du, lehen unean aipatutako istripuaren hipotesia baztertuta. Hala ere, ñabardura garrantzitsua egin du prokuradoreak. «Oraindik sobera goiz da jakiteko sua piztu duen, psikologia zaila daukalako atxilotuak».
Atxilotua Frantziako Haute Marne departamenduan sortu da, baina aspalditik bizi da Euskal Herrian. Auzotegian, hala ere, ez da sobera ezaguna. Gaur egun ez du helbide ezagunik; aterperik gabeko pertsona dela jakinarazi du prokuradoreak. Atxilotuak arazo psikologiko handiak dituela azaldu du.
Eskaileretan itorik
Sutea Pilori karrikako 4. zenbakian piztu zen, joan den astelehenean. Prokuradorearen iritziz, atxilotuak erregaia ezarri zuen zurezko eskaileretan. Emakumea, 48 urtekoa, Pilori karrikako laugarren estaian bizi zen. Haizeak eraginez, suteak berehala hartu zuen eskailera. Emakumeak ez zuen karrikara ateratzeko denborarik izan. Berehala gerturatu ziren sorospen zerbitzuak eta suhiltzaileak, baina ez zuten lortu sua menean hartzea. Hirugarren estaian atzeman zuten haren gorpua. Ke artean itorik zendu zela azaldu du Poliziak.
Instrukzio epaileak «pertsona baten heriotza eragin duen sutea nahitara piztea» leporatu dio atxilotuari. Hala ere, atxilotuaren nortasuna kontuan ukanik, ikerketa bururaino eramateko eskatu dio Poliziari. Epaileak gizona behin-behinean espetxeratzeko agindua eman du, gertakariaren nondik norakoak argitu artean.
Talde feministek oraindik ez dute adierazpen publikorik egin. Prokuradorearen ikerketaren zain egon dira. Izan ere, lehen unean ez zegoen argi hildakoak eta atxilotuak harremanik zuten, bikotea ziren edo ezezagunak. Genero indarkeriaren hipotesia bermatzen bada larunbatean Baionan elkarretaratze bat antolatzeko xedea dutela jakinarazi dute.
Sutea benetan arriskutsua izan zitekeen suhiltzaileak ez balira berehala agertu itzaltzera. Baiona zaharreko etxeak karrika hertsietan daude, eta gehienek zurezko egitura daukate. Sua piztuz gero, arrisku handia zegoen sutea etxe multzo edo auzotegi osora hedatzeko. Etxearen egoerak biziki erraztu zuen sua hedatzea eta nekez lortu zuten gelditzea suhiltzaileek.