Gizon bat hil da Santurtzin, etxe batean izandako sutean

Erredakzioa
Bilbo
2011ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
50 urteko gizonezko bat hil zen, atzo, Santurtzin (Bizkaia), etxe batean izandako sutearen ondorioz. Sutea goizean piztu zen, Doctor Fleming kaleko etxebizitza batean, eta suhiltzaileak bertaratu zirenean, gizona lurrean etzanda aurkitu zuten, kea arnastuta. Etxetik atera zuten, baina hilda zegoen ordurako.

Sutea 06:40an sortu zen etxebizitzako gela batean, Ertzaintzaren lehen hipotesien arabera, gaizki itzalitako zigarrokin batek eraginda. Eraikinak bost solairu ditu, eta, sutearen ondorioz, 50 bat bizilagunek beren etxebizitzetatik atera behar izan zuten. Nolanahi ere, suteak ez zuen, hildakoaz aparte, beste zauriturik eragin, eta inork ez zuen osasun arretarik behar izan. 08:00etarako etxera itzuli ziren bizilagun gehienak, eraikinak kalterik ez zuela ziurtatu ondoren. Sutea piztu zen etxebizitza azpiko bizilagunek, ordea, ez zuten itzultzerik izan, sua itzaltzeko erabilitako ura igaro baitzen bertara.

Suhiltzaileek eta arkitektoek eraikina ikuskatu zuten atzo goizean, eta sutea piztu zen logelako sabaia ez erortzeko lanak egingo dituztela jakinarazi zuten. Eraikinaren egiturak, ordea, ez du kalterik jasan.

Santurtziko Udalak furgoneta bat egokitu zuen eraikinaren atarian, bizilagunek euren etxeetan jasan dituzten kalteen berri eman ahal izan dezaten eta aseguru etxeei kalte-ordainak eskatzen laguntzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.