Gizon bat inputatu eta aske utzi dute Durangon hildako andrearen kasuan

Homizidioa baztertu dute auzitegiko medikuen azterketan, baina hildakoa atxiki izana leporatu diote

2012ko maiatzaren 10a
09:58
Entzun

Ertzaintzak gizon bat inputatu du, larunbatean, Durangon (Bizkaia), Erretentxu kaleko etxebizitza batetik erorita hil zen 23 urteko andrearen auzian. Inputatutako gizonarekin ikusi zuten azkenengoz zendutako emakumea; biak Matienako jaietan elkarrekin egon zirela jakinarazi zuten biktimaren lagunek. Gizonari deklarazioa hartu ondoren, Erretentxuko pisuan atxikita izan zuela ondorioztatu du Ertzaintzak Legez kontra atxikitzea inputatu diote, eta aske utzi dute.

Hasieran, hiru hipotesi aztertu zituen Ertzaintzak: Erretetxuko pisuan atxikita zegoela emakumeak bere buruaz beste egin zuela; norbaitek leihotik behera bota zuela; eta, azkenik, etxetik ihes egiten ari zela, istripua izan eta erori egin zela. Epaitegiko medikuen txostenaren emaitzetan oinarrituta, Ertzaintzak giza hilketa baztertu du hipotesien artetik. Medikuek gorpuan homizidio zantzurik ez dutela ikusi jakinarazi du Herrizaingo Sailak. Istripuaren hipotesia darabilte esku artean, baina bere buruaz beste egin izanaren aukera ere ez dute baztertu.

Ikerketaren beste lehentasunetako bat inputatutako gizonaren eta emakumearen arteko harremana argitzea da. Hain zuzen ere, hasiera batean elkarren arteko bikote harremana zegoela zabaldu bazen arren, hori ezbaian jarri du Ertzaintzak. Herrizaingo Sailak ez du genero indarkeria kasuetarako protokoloa abiarazi, ez dutelako argi gizonezkoaren eta hildako emakumearen artean bikote harremanik ote zegoen edo ez. Hori ari dira aztertzen, besteak beste, une honetan.

«Azken muturrera arte»

Mugimendu feministak heriotzaren zergatiak «azken muturrera arte» ikertzeko eskatu dio Ertzaintzari. «Nork uler dezake emakume bat hilik agertzea, eta inork ezer ez esatea jendarteari?», galdetu dute Durangoko Bilgune Feministak eta Durangaldeko Txoko Feministak. Emakumearen heriotza larunbatean gertatu zela gogorarazi dute, eta salatu dute bost egunetan ez dutela horri buruzko azalpenik eman. «Emakumeon kontrako eraso bakoitzak txikiago egiten gaitu; eta are txikiago, ikusezin egiten bada». Bide batez, gaur, 20:15ean, Durangoko Andra Mari elizako atarian egingo den bilkuran parte hartzera deitu dute.

Hildako emakumearen lagunek astearte goizean elkarretaratzea egin zuten udaletxearen aurrean, «justizia» eta gertatutakoa «ahalik eta azkarren» argitzeko eskatzeko. Hain zuzen ere, gertatutakoaren inguruan dagoen «obskurantismoa» kritikatu zuten. Elkarretaratzearen ondoren Erretentxuko pisura joan ziren, eta han kandelak eta loreak jarri zituzten, emakumea gogorarazteko. Durangoko Udalak ez du gaiari buruz ezer esango «egoera argitzen den arte».

Genero indarkeriaren biktima dela baieztatuko balitz, urte hasieratik Euskal Herrian hildako bigarren emakumezkoa litzateke. Martxoaren 25ean gertatu zen lehen hilketa, Tolosako Larramendi auzoan. Caridad Angeles Rodriguez Arrieta, 39 urtekoa, bikotekidearen labankaden ondorioz zendu zen. Hiltzaileak, 26 urteko gizonezkoak, Ertzaintzari aitortu zion egindakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.