Gizon bat kartzelatu dute, bi sexu eraso egotzita

35 urte eta zortzi hilabeteko kartzelaldia eta 30.000 euroko bi kalte-ordain agindu dizkiote akusatuari

Erredakzioa
Iruñea
2011ko irailaren 14a
00:00
Entzun
35 urte eta zortzi hilabeteko kartzela zigorra eta 30.000 euroko bi kalte-ordain agindu dizkio Nafarroako Lurralde Auzitegiak Iruñeko gizonezko bati, sexu eraso eta lapurreta bi egin izana egotzita.

Orain bi urte izan zen lehen jazarpena. Erasotzailea merkataritza gune batean sartu zen, eta labanaz eraso zion biktimari, eta, segidan, 200 euro lapurtu eta emakumea bortxatu zuen. Antzekoa izan zen bigarren jazarpena, baina, labana ez ezik, pistola ere baliatu zuen erasotzaileak kasu horretan.

Epailearen ebazpenaren arabera, biktima biek bat egin dute akusatua ezagutzean, eta DNA probek ere erruduna dela egiaztatu dute. Gainera, epaimahaiak sinesgarritasuna eman die emakumeen erasoen kontakizunei, «logikoak, koherenteak eta prozesu judizial osoan iraunkorrak» izan direlakoan.

Larderia eta indarkeriazko lapurreta delituetan berriro erortzea ere egotzi diote akusatuari, 2002an ere ezarri baitzioten bost urteko kartzela zigorra, antzeko eraso bat tarteko. Leporatu dioten delitua larriagoturik, gogorrago zigortu dute akusatua oraingoan.

«Zantzu sotilenei» aurre

Tratu txar «larrienen» aitzineko «zantzu sotilagoetan» jarri du arreta Espainiako Gobernuak genero indarkeriaren aurkako aurtengo kanpainan. «Eraso arinenari» ere aurre hartu behar zaiola nabarmendu du Berdintasunerako ministro Leire Pajinek, eta dei egin die andreei: larrialdietarako 016 zenbakira, osasun zentroetara edo emakumeen elkarteetara jo eta jasan duten erasoa sala dezaten.

Berdintasunerako ministroak ohartarazi duenez, «eraso larrienen» aurretik ere, biktimak jasan ohi ditu bere autoestimuari «azpiak jatea» helburu duten bakartzearen eta zapalkuntzaren tankerako erasoak. Erasotzailearen estrategia gisa ulertu behar dira halako jazarpenak, eta ez bikote harremanen berezko egoera balira bezala. «Erasook arin antzeman eta jakinarazita, askoz ere errazagoa da babes neurri eraginkorrak hartzea», erantsi du.

Horren haritik mintzatu da Espainiako Gobernuak genero indarkeriarako duen ordezkari Miguel Lorente ere. Haren ustetan, sentsibilizazio kanpainek eta komunikabideen jardunak rol erabakigarria jokatu dute gizarteak tratu txarren aurka duen jarreran; edonola ere, «ez dira beti zantzu sotilenak genero indarkeriatzat aintzat hartzen».

Ez itzazu seinaleak saltatu. Bizitzea aukeratu lelopean aurkeztu duten kanpainaren asmoa, hain justu, tratu txarren «zantzu sotil» horien inguruan gizartearen kontzientzia kritikoa sustatzea da, eraso fisiko zein psikologikoekiko inolako tolerantziarik egon ez dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.