Gaur goizean Sunbillako (Nafarroa) bere baserrian zela, hazitarako zezen batek 81 urteko F.J.A. nekazaria zauritu du. Iruñeko ospitale batera eraman dute, Foru Gobernuaren helikoptero batean. Zauriak ez dira hagitz larriak.
Nafarroako Gobernuak azaldu duenez, zauritutako abeltzainak ohitura du halako abereekin lanean aritzeko, baina oraingoan zezenak ezustean atzeman du, eta hainbat kolpe emateaz gain, zapaldu egin du. Ondorioz saihetsean kolpeak ditu, baita izterrezur batean haustura irekia ere. Auzoko batek lagundu du gizona, hau minez oihuka ari zela. Bizilaguna izan da, hain justu, larrialdi zerbitzuei dei egin diona.
Sunbillako baserriraino Malerrekako medikua eta erizaina joan dira, baita bi anbulantzia -bat medikalizatua- Oronotzen egoitza duten suhiltzaileak eta foruzainen patruila bat. Azkenik helikopteroz eraman dute Nafarroako Ospitalera, Iruñera. Han artatzen ari dira.
Gizartea
Gizon bat zauritu du zezen batek Sunbillan
81 urteko nekazaria Iruñera eraman dute ospitalera, helikopteroz. Zauriak ez dira oso larriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu