Etxebarrin (Bizkaia) 21 urteko mutil gazte bat atxilotu dute, 84 urteko bere amona hiltzea leporatuta —Ramona Miguelez zuen izena hildako emakumeak—. Ertzaintzak jakinarazi duenez, eztabaida baten ondoren, gerrialdean labankada bat eman zion gazteak amonari.
Atzo, 12:15ak aldera, familiaren etxean, eztabaida izan zuten amonak eta bilobak. Gazteak sukaldetik labana handi bat hartu eta ustez gerrialdean sartu zion emaku- meari, bizkarrez zegoela.
Gazteak eman zion Ertzaintzari gertatutakoaren berri eta amona hil zuela onartu zuen. Bertara hurbildu ziren medikuek ezin izan zuten ezer egin eta emakumea bertan hil zen.
Gaztea, berriz, bere etxebizitzatik irten, eta ondoko etxe batean sartu zen. Bere burua giltzatu eta ateratzeko asmorik ez zuela esan zien ertzainei. Ertzainek motozerra bat erabili behar izan zuten atea irekitzeko eta ezkutuekin sartu ziren gaztearen bila.