emakumeen aurkako indarkeria

Gizon batek emaztea eta honen ama hil ditu Irisarrin bart, tiroz

Semeak ondoren oso larri aurkitu du aita; ustez bere buruaz beste egiten saiatu da. Aurten Euskal Herrian emakumeen kontrako indarkeriaren ondorioz beste hiru hil dituzte.

2009ko azaroaren 9a
18:47
Entzun
Emakume bat eta honen ama hil dituzte bart Irisarrin (Nafarroa Beherea), eskopeta tiroz; ustez aurrenaren senarra da erasogilea. Etxabestia etxe multzoan izan da gertaera. 60 bat urte dituzte senar-emazteek, eta 80 emaztearen amak.

Horren ondoren, goizeko bostak aldera, semeak aita oso larri aurkitu du etxean, eta Frantziako Poliziari abisua eman dio. Gizonezkoa ustez bere buruaz beste egiten saiatu da. Erietxera eraman dute.

Kazeta.info webguneak dioenez, Aldude bailarakoa zen familia eta duela hiru urte Irisarrira joan ziren bizitzera.

Euskal Herrian aurten hil dituzten beste emakumeak

Izaskun Jimenez Borja. Senarrak hil zuen Izaskun Jimenez Borja, martxoaren 24an, Gernikan (Bizkaia). Etxean bertan jazo zen erasoa. Jimenez eta 19 urteko haren alaba labanaz zauritu zituen, 11 urteko semearen aurrean. 48 urteko gizonak hilketa onartu zuen ertzainen aurrean, eta haiek atxilo eraman zuten. Jimenezek 44 urte zituen.

Yamiled Giraldo Quintero. Iruñerrian, Cordovillan hil zuten Yamiled Giraldo Quintero, 33 urteko baztandarra, apirilaren 25ean. Iturenen bizi zen azken urteetan. Prostituzio etxe bateko nagusiak bortxatu egin zuela salatu zuen Giraldok. Herritar zenbaiten ustez, salaketa hura egin zuelako, norbaitek mendeku hartu zuen. Lan bat egitera deitu zuten Giraldo Cordovillara, eta etxeko atarira iritsi zenean, tiroz hil zuten.

Yasmin Zamira. Auto istripua eragin eta Yasmin Zamira bikotekide ohia labankadaz hil zuen maiatzaren 9an gizon batek Irunen (Gipuzkoa). Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren arabera, emakumea zihoan autoari atzetik jo zion berearekin eta, emakumea geratzean, kotxera inguratu eta labanaz zauritu zuen lepoan. Istripua ikusi eta laguntzera geratu zen gizon bati ere aurre egin zion, eta larri zauritu zuen. Zamirak 37 urte zituen, eta Irunen bertan bizi zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.