Emakume batek eta haren lau seme-alabek etxetik ihes egin behar izan dute Gasteizen, bikotekideak emakumea eta haren alaba nagusia jo eta gero.
Andreak berak salatu zuen gertatutakoa Udaltzaingoaren aurrean, igandean. Udalak ohar batean jakinarazi duenez, emakumeak azaldu zuen bikotekide duen gizonezkoak jo egin zituela bera eta bere alaba nagusia, eta horregatik irten zela etxetik ihesi, lau seme-alabekin.
Erasoaren aztarnak eta biktimaren deklarazioa aintzat hartuta, udaltzainek gizonezkoa atxilotu dute, eta epailearen esku utzi.
Gipuzkoako Aldundiaren gaitzespena
Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazpen instituzional bat zabaldu du, «gaitzespen irmoa» adierazteko joan den astean Donostian izan diren bi eraso matxisten aurrean. Izan ere, joan den astean gizon batek bere bikotekidea jo zuen Donostiako etxebizitza batean, eta taxilari bati eraso zioten.
Aldundiak «gertutasuna eta elkartasuna» adierazi die biktimei, haien senideei eta hurbilekoei, eta bat egingo du Donostiako Udalak astearterako 12:00etan, Alderdi Ederren deitu duen elkarretaratzearekin.
«Mota horretako gertakarien jatorria gizonen eta emakumeen egiturazko berdintasunik eza da, emakumeak kontrolpean eta mendean eduki nahi dituzten jarrera eta ideia matxistak, hain zuzen», gaineratu du diputazioak: «Jarrera eta eraso matxistak ez dute lekurik, ez eremu horietan, ezta gure gizartean ere, eta foru-erakundetik dei egiten diegu herritar guztiei indarkeria matxistaren aurkako zaintza ez jaisteko, egoera hori jasan dezaketen emakumeek gizartearen babes osoa senti dezaten».
Lapurdin, beste bi eraso matxista
Bi eraso matxista gertatu dira Lapurdin, asteburuan. Lehena Ziburun gertatu zen iragan ostiral arratsean; gizon batek emazte bati labanaz eraso egin zion. Hamar bat labankada eman zizkion, ikerketaren lehen zantzuen arabera. Larriki zauriturik dago 40 bat urteko emakumea, erietxean, baina medikuen arabera arriskutik kanpo dago. Gizona ihesi joan zen erasoaren ostean, eta Frantziako Polizia aritu zen bere bila; azkenean, igandean atxilotu zuten, Ziburun, eta atxiloaldian dago. Lehen ikerketaren arabera, ez dago «harreman jakinik» bien artean.
Basusarriko (Lapurdi) herriko besten denboran, iragan larunbatean, beste eraso bat gertatu zen Euskal Irratiak jakinarazi duenez. Erasoaren inguruko informaziorik ez du zabaldu Baionako Prokuradoreak, baina afera Frantziako Poliziaren esku dago: biktima adingabea da, eta, gaur bi mutil adingabe atxilotu zituzten. Gertatutako eraso matxistak salatzeko, elkarretaratzea eginen dute arratsean, Basusarriko plazan.