Gasteizko epaile batek sei urteko kartzela zigorra ezarri dio gizon bati: lau urteko kartzela zigorra bikotekideari sexu erasoa egiteagatik, eta 21 hilabeteko beste zigor bat ohiko tratu txarrengatik, indarkeria matxistaren arloan.
Arabako Probintzia Auzitegian izan da epaiketa. Akusatuaren defentsak eta fiskaltzak zigorra adostu dute eta, defentsaren abokatuak hala eskatuta, epaileak erabaki du gizona ez dela kartzelan sartuko, betiere baldintza batzuk betetzen baditu.
Erasoa 2022ko abuztuan egin zuen. Fiskaltzaren arabera, bikotea ohean zen, eta gizonak sexu harremanak izatea proposatu zion emakumeari; berak ezetz erantzun zion. Akusatuak, orduan, emakumea immobilizatu zuen, eta zauriak egin zizkion baginan, hatzak sartu baitzizkion. Fiskaltzak gehitu du ohikoa zela gizonak emakumeari tratu txarrak ematea.
Baldintzapean
Epaileak, beraz, sexu erasoa egin izanaren delitua egotzi dio akusatuari. Lau urteko kartzela zigorra ezarri dio, eta bost urtez ezingo da biktimarekin komunikatu, ez eta harengandik 200 metro baino gutxiagora egon. Hori bai, epaileak aintzat hartu du zigorraren aringarri bat: gizona alkoholaren eraginpean zegoela.
21 hilabeteko kartzela zigorra ere erantsi dio, ohiko tratu txarren delituagatik. Beste hiru urtez ezingo da egon biktimagandik 200 metro baino gutxiagora.
Dena dela, akusatua ez da kartzelara sartuko, epailearen erabakiz, baina baldintza batzuk bete beharko ditu: ezingo du beste deliturik egin, alkoholarekin duen adikzioaren kontrako tratamendua egiten jarraitu beharko du, ezingo da biktimarengana hurbildu edo harekin harremanetan jarri, eta «genero indarkeriarekin» lotutako ikastaro bat egin beharko du.