Gizonezko bat atxilotu dute bikotekide ohiari jazarri eta ostikadak ematea egotzita

Urruntze aginduaren epearen amaiera baliatu du atxilotuak, kalean zebilela, andreari oldartzeko

2011ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
38 urteko gizonezko bat atxilotu dute udaltzainek Gasteizen, haren bikotekide ohiari kalean ostikadak eman izana egotzita. Udaltzaingoak berak jakinarazi duenez, larunbat ilunabarrean izan zen erasoa. Emakume bat Gasteizko Judimendi auzoan zebilen udaltzain bati gerturatu zitzaion, eta bikotekide ohia eraso egiteko asmoz jarraika zuela azaldu zion estutasun handiz. Ustezko erasotzailea bilatzeari ekin zion Udaltzaingoak jarraian, eta laster aurkitu zuten, auzoaren inguruetan.

Jarraian, atxilotuak emakumeari ostikadak eman zizkiola aitortu zuten jazoeraren hainbat lekukok, eta eztabaida gogorrean ikusi zituztela ere azaldu zuten. Urruntze agindua ezarria zitzaion erasotzaileari, baina horren epearen amaiera baliatu zuen hark andreari oldartzeko. Osasun zentro batera eraman zuten emakumea, arta zezaten.

Bilboko Udalak zabaldu duenez, beste gizonezko bat ere atxilotu zuen Bilboko Udaltzaingoak larunbatean, koinatari zartako bat eman eta laban batez mehatxu egin izana egotzita.

Alde Zaharrean patruilatzen ari ziren udaltzainengana jo zuen emakume batek, eta alboan zuen gizonezkoak, bere koinatuak, aurpegian zaplaztekoa eman eta laban batez mahatxatu zuela azaldu zien. Ustezko erasotzailea atzeman zutenean, hemezortzi eta 11 zentimetroko aiztoak atzeman zizkioten udaltzainek, gerriaren atzealdean ezkutaturik.

Emakumeak atxilotuarengandik mehatxuak jasan dituen lehen aldia ez dela jakinarazi du Bilboko Udaltzaingoak, eta gainera, horren nebak ere jasan izan duela halakorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.