emakumeen kontrako indarkeria

Gizonezko bat atxilotu dute Bilbon eta beste bi Gasteizen emakumeen kontrako indarkeria kasuengatik

27 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo Ertzaintzak Bilbon, bere emaztea jo zuelakoan. Ertzaintzak azaldu duenez, gizonezkoaren lagun batek emakumezkoari besoetatik heldu zion, golpeak saihets ez zitzan. Gasteizen beste bi gizonezko atxilotu dituzte asteburuan, 26 urteko bat larunbatean eta 39ko bat igandean. Larunbatean atxilotutakoari bere bikotekide ohia eta hura babesten saiatu zen gizonezkoa jotzea leporatzen diote, eta igandekoari bikotekide ohia hiltzeaz mehatxatu eta bere autoarekin emakumezkoa zihoan autoa jotzea.

2005eko urriaren 10a
13:17
Entzun
Atzo goizeko 9:30ean deia jaso zuen Ertzaintzak Bilboko Santutxu auzoko Zabalbide kalean emakumezko bat jotzen ari zirela esanez. Ertzaintza harantz joan zenean buruan eta bularraldean kolpeak zituen emakumezko bat aurkitu zuten, hura anbulantzian erietxera bidali zuten, eta gizonezkoaren bila hasi. Gaueko hamarretan aurkitu zuten, etxean. Orain emakumezkoari besoetatik heldu zion gizonaren bila ari dira.

Emakumezkoak Ertzaintzari kontatu zionez, etxean eztabaidan hasi zen bikotea, eta gizonezkoa emakumezkoari jotzen hasi zen aterki batekin. Gizonezkoaren lagun bat etxean zegoen, eta hark emakumezkoari besoetatik heldu zion, erresistentzia egitea galaraziz.

Larunbatean bertan beste gizonezko bat atxilotu zuen Udaltzaingoak Gasteizen. Domingo Beltran kalean borroka bat zegoela esanez deia jaso zuen Udaltzaingoak goizean. Harantz iritsi zirenean gizonezko bat beste bati ostikoka eta muturrekoka ikusi zuten, eta haiek banandu zituzten. Ondoan emakumezko bat aurkitu zuten urduri, negarrez. Hark esan zien gizonezkoak bera jo zuela lehenengo eta hura babesten saiatu zen gaztea gero. Emakumezkoak esan zuenez, hozka egin zion aurpegian, eta gainera ez zen jotzen zuen lehen aldia.

Atzo ere atxilotu zuten gizonezko bat Gasteizen. 19:30ean jaso zuen deia Udaltzaingoak, gizonezko batek emakumezko bati hiltzeko mehatxua egin ziola esanez. Gizonezkoak bere autoarekin emakumezkoa zihoan autoaren kontra jo zuela ere esan zuen deia egin zuenak. Udaltzaingoa esandako tokira iritsi zenean, gizonezkoa alde egiten saiatu zen autoan, eta Udaltzaingoak atzetik jarraitu ondoren beste kale batean harrapatu zuen. Emakumezkoak esan zuenez, bere alabarekin eta auto gidariarekin zihoan autoari bidea oztopatzen saiatu zen bere senar ohia. Gidaria eta bera autotik atera eta senar ohiari azalpenak eskatzera joan zirenean hiltzeko mehatxua egin ziola dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.