Foruzaingoak 44 urteko gizonezko bat atxilotu du Valtierran, taberna bateko komunetan grabatzeagatik. Iturri ofizialek azaldu dutenez, emakume batek aurkeztu du salaketa, komuneko paperaren aldamenean telefono bat aurkitu ostean.
Antza, emakumea komunera sartu zenean ohartu zen zerbait zegoela paperaren ondoan, eta atera zuenean grabatzen ari zela ikusi zuen. Berehala hura itzali eta aurretik grabatutako bideo ugari zeudela ikusitakoan, tabernaren jabearengana jo zuen azalpen eske. Harekin hitz egiten ari zela, ordea, beste gizonezko bat gerturatu eta telefonoa hartu zion, berea zela esanez. Hurrengo egunean, emakumeak salaketa jarri zuen Foruzaingoan.
Segurtasun indarrek, bideoen ustezko egilea identifikatu, eta atxilotu egin dute. Pertsonen intimitatearen aurkako delitua egozten diote gizonari. 44 urte ditu.