28 urteko gizonezko bat atxilotu du Foruzaingoak Barañainen (Nafarroa) bere bikotekideari olio errea bota diolako. Foruzaingoaren arabera, "azken egunetan" gertatu da atxiloketa, eta 23 urteko emakumezkoa erietxera eraman behar izan zuten aurpegian, eskuetan, bularrean eta lepoan bigarren graduko erredurekin. Iturri horien arabera, emakumezkoa lo zegoenean bota zion gizonezkoak irakiten zegoen olioa.
Biak bizi ziren etxean gertatu zen erasoa, eta bizilagun batek Udaltzaingoari deitu ostean atxilotu zuten gizonezkoa. Foruzaingoak lagundu zion Udaltzaingoari, eta ikerketa abiatu zuen. Gizonezkoak etxetik alde egin zuen emakumeari olioa bota ostean, eta poliziaren deia jaso zuenean bere kabuz joan zen polizia-etxera. Poliziak olio arrastoak topatu zituen burukoan, paretan eta ohean.
Emakumezkoak gertatutakoa salatuko duela berri eman du Foruzaingoak, eta urruntze agindua eskatuko duela.
Antza denez, gizonezko hori 2009an ere atxilotu zuten, orduan zuen bikotekideari eraso egiteagatik. Bikotekideari zaintza jarri zioten orduan.