65 urteko gizonezko bat hil da Galdakaon (Bizkaia), elurrarekin irrist eginda. Kalean oinez zihoala, erori egin da, eta buruaren atzeko aldearekin jo du lurra. 08:30ak aldera gertatu da ezbeharra, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Elurrak hainbat arazo sortu ditu Bizkaian, eta Loiuko aireportua itxi egin dute hainbat orduz. Aena Espainiako Aireportuak eta Aire Nabigazioak jakinarazi duenez, hegazkinen joan-etorria ez dute berrezarriko pistetako segurtasuna bermatu arte. Errepideei dagokienez, Bilbobusek eten egin du zerbitzua; gauza bera egin du Bizkaibusek Arratian, Durangaldean eta Ezkerraldean. Gainontzeko zerbitzuak eskaintzeko zailtasunak dituzte.
Bizkaiko unibertsitateetan ez dute eskolarik emango 15:00ak arte, eta 131 ikastetxe itxi egin dituzte.