Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, Plaza Biribilaren inguruetan gertatu da, goizaldeko 4:20an. Ustez, bi lagun gizonezko batengana hurbildu dira, lapurreta egiteko asmoz. Jo egin dute, bortitz, eta hil egin dute.
Mediku zerbitzuak berehala joan dira gertaeraren lekura, baina, ezin izan dute gizonezkoaren bizitza salbatu. Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da, eta ustezko bi lapurrak bilatzen.
43 urteko zornotzarra da hildakoa, herriko futbol taldeko jokalari ohia. Taldeak doluminak eman dizkio familiari, eta Amorebieta Etxanoko Udalak bozeramaileen batzordera deitu du, hilketa salatzeko. Bilboko Udalak ere salatu du gertatutakoa.
Hilotz bat atera dute itsasadarretik
Deustu parean hilotz bat atera dute, gainera, gaur bertan. Jaurlaritzako Segurtasun Aailak jakitera eman duenez, 10:20aldean pertsona batek abisu eman du gorpu bat ikusi duela itsasadarrean. Suhiltzaileak bertara joan dira eta gorpua atera dute.