Berrogeita zazpi urteko gizonezko bat hil zuten atzo goizaldean labankadaka Portugaleten (Bizkaia). Hilketarekin zerikusia izatea leporatuta, bost lagun atxilotu ditu Ertzaintzak, eta horietako bati hiltzailea izatea egozten dio.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, goizaldeko ordu batak aldera gertatu zen, Portugalete erdialdean dagoen Abaro kaleko etxebizitza batean. Osasun zerbitzuak berehala joan ziren abisu bidez jakinarazitako lekura, eta gizona bere onera ekartzen ahalegindu baziren ere, bertan zendu zen zituen zaurien ondorioz.
Etxea arakatzerakoan, ertzainek odolez zikindutako labana bat aurkitu zuten, eta etxean zeuden lau pertsonak atxilotu zituzten epailearen aginduz. 04:00 aldera beste gizon bat atxilotu zuten kalean. Ertzaintzak gizona hil izana egozten dio.
Ertzaintzak ikerketa hasi du kasua argitzeko. Dena den, Mikel Torres Portugaleteko alkateak mahai gainean jarri du hipotesi bat: «kontu garbiketa bat» izan liteke. Torresek hildakoaren eta atxilotuen jatorria ere izan du ahotan. «Txinako komunitatea oso lasaia da, eta ez dute bizikidetza arazorik eragin orain arte. Pentsatzekoa da liskar edo eztabaidaren bat izango zutela eta horrek eragin zuela gertaera».
Bestalde, Zarautzen (Gipuzkoa) adingabe bat atxilotu dute, beste gazte bati objektu puntadun batekin eraso egitea leporatuta. Ertzaintzak adierazi duenez, bi gazteek eztabaida izan zuten lokal batean. Adingabea tren geltokitik gertu atzeman zuten.
Gizonezko bat hil dute labankadaka Portugaleten
Hilketarekin zerikusia izatea leporatuta, bost lagun atxilotu dituzte; horietako bati hiltzailea izatea egozten diote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu