Glifosato izeneko gai kimikoaren etorkizuna ez da argitu. Herbizida hori Europan erabiltzeko baimena ekainaren 30ean amaituko da, eta gaur berritu behar zuten. Europako Batzordeak hamar urtez luzatzea proposatu du, Europako Parlamentuak eskatu baino hiru urte gehiago. Landare, Animalia eta Elikagaien Komite Iraunkorrak ez du adostasunik lortu, ordea. Bozketa galduko zuela-eta Europako Batzordeak proposamena kendu du.
Bozketa irabazteko bi baldintza behar dira: batetik, Europako Batasuneko estatu kideen %55 alde egotea; bestetik, alde bozkatutako horiek EBko biztanleen %65 baino gehiago ordezkatzea. Glifosatoari buruzko bozketan ez zen bigarren baldintza hori beteko. Frantziak eta Italiak aurka bozkatzeko asmoa agertu dute; eta Alemaniak, Suediak, Esloveniak eta Portugalek abstenitu behar zuten.
Europako Batzordeak aztertu beharko du zer egin: proposamena aldatu, epea amaitzen utzi edota behin-behineko luzapen bat onartu adostasuna lortu bitartean.