Globalizazio matxistaren aurka

Emakumeen Bigarren Mundu Martxa gaur, martxoak 8, abiatuko da Brasilen, emakumeen eskubideen aldarrikapena gordetzen duen lekukoa munduan barrena eramateko: Emakumeek Gizadiarentzat idatzitako Munduko Gutuna

Agurtzane Solaberrieta Mesa.
DONOSTIA
2005eko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Milaka emakume eta gizon aterako dira gaur kalera Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta. Urtero bezala, goiz eta arratsaldez mobilizazio ugari izango dira talde feministek eta gizarte eragileek deituta. Arratsaldean izango dira manifestazio nagusiak Euskal Herriko hiriburuetan eta guztiek lelo bera izango dute: Globalizazio matxistaren aurka, iraultza feminista!.

Aurtengo egunak badu zer ospaturik, talde feministen iritziz. Izan ere, gaur kaleratuko da Brasilen Emakumeek Gizadiarentzat idatzitako Mundu Gutuna.Gutuna kaleratzearekin batera abiatuko da Emakumeen 2. Mundu Martxa ere. Martxarekin batera, gutuna eskuz esku iritsiko da urriaren 17an Burkina Fasora, bost kontinenteetatik pasatu ostean. Tartean, Euskal Herrian ere alde batetik bestera ibiliko da agiria, maiatzaren 24tik 27ra bitarte. Martxaren helburua argia da: gutunaren edukiak eta horrek adierazten duena gizarteratzea. Emakumeen Mundu Martxa ekimena 1995ean abiatu zen, Quebecen. 850 emakumek hamar eguneko ibilbidea egin zuten Montrealeraino, pobreziaren kontra. Hiru urte geroago 65 herrialdetako 140 emakume elkartu ziren berriz ere Quebecen bertan eta Emakumeen Mundu Martxa mugimendua sortzea erabaki zuten, hau da, nazioarteko sare feminista. 2000n emakumeen arteko aliantza sendotu eta plataforma sortzeko urratsa egin zen, bi aldarrikapen nagusirekin: emakumeen pobrezia eta emakumeen aurkako indarkeria salatzea eta beste mundu bat posible dela aldarrikatzea. Helburua hurbileko botere lokaletara zein mundu mailan boterea eta erabaki ahalmena duten erakundeetara Nazio Batuen Erakundera, Nazioarteko Diru Funtsa eta Munduko Bankuraemakumeen eskariak iritsaraztea izan zen. Oraindik, dena den, ez dute erantzunik jaso.Orduz geroztik lanean jarraitu du Mundu Martxak eta zeregin nagusia emakumeen eskubideak aitortzen dituen gutuna idaztea izan da. Aldarrikapenetatik ekintzetara igarotzea hain zuzen. Gutuna abenduaren 10ean onartu zuten, Kigalin (Ruanda) eginiko Mundu Martxaren Nazioarteko V. Topaketetan. Gutun hori sortzeko mundu osoko emakume taldeek hartu dute parte eta bertan emakumeen proposamen eta nahiak jaso dira, emakumeenganako askatasun, berdintasun, elkartasun, bake eta justizian oinarritutako mundua lortzeko. Mundu Martxa ekimenean 163 herrialdetako 5.500 emakume talde daude ordezkatuta. Euskal Herriko emakumeak ere ordezkatuta daude. Emakumeen Mundu Gutunak gaurtik aurrera eta urriaren 17a bitarte, kontinente guztiak zeharkatuko ditu.

Euskal Herriko Plataforma

Euskal Herriko mugimendu feministak gogotsu hartu zuen Mundu Martxa. Hala, talde feminista, sindikatu eta banakako hainbat emakume elkartu ziren duela bi urte, plataforma bat osatzeko: 2005eko Emakumeen Mundu Martxarako Plataforma. Orduz geroztik, beste mundu baten alde, emakumeen eskubideen alde eta diskriminazioaren aurka lan egiten ari da.

Plataformako kide da Maixabel Gaztañaga. Berak azaldu duenez, Mundu Martxak dituen koordinazio guneetan (mundu mailakoa eta kontinente mailakoa) dago ordezkatuta Euskal Herriko Plataforma. Taldeak Mundu Gutunaren lanketan hartu du parte. Une honetan, Euskal Herriko Emakumeen Eskubide eta Aldarrikapenen Gutuna egiten ari da plataforma.Agiria mundu martxa Euskal Herrira iristen denean aurkeztu eta kaleratuko du. Gaztañagaren esanetan, Euskal Herriko emakumeek, beste edozein herrialdetako emakumeek bezalaxe, arazo eta kezka propioak dituzte. «Gure hurbileko gizarteari, Euskal Herriari, emakumezkook gureak diren eta gure gizartean aitortuak ez ditugun eskubideak zeintzuk diren ozen azaldu nahi diogu». Gaur emakumeei dei berezia egingo diete: gutunaren lanketan parte hartzeko deia. Gaztañagak adierazi duenez, Mundu Gutunaren errelebu martxarekin batera, Munduko Elkartasun Manta osatuko da. Martxa herrialde batera iristen denean, hango emakumeek bizi duten egoera azaltzen duen oihal puska josiko dute. Hala, urriaren 17an Burkina Fasora heltzean, mundu osoko emakumeen errealitateak biltzen dituen manta erraldoia lortuko da. Manta horretan egongo da Euskal Herriko Gutuna ere. Egun horretan ere mundu osoan 24 orduko lanuztea egingo da; herrialde bakoitzean ordubetekoa.

-

Emakumeek Gizadiarentzat idatzitako Mundu Gutuna



Gaur kaleratuko da Brasilen Emakumeek Gizadiarentzat idatzitako Mundu Gutuna. Hona hemen pasarte batzuk:

ATARIKOA



g Emakumeen Mundu Martxan parte hartzen dugunontzat, sistema patriarkala emakumeak zapaltzeko sistema da eta kapitalismoa gizon eta emakumeak esplotatzeko sistema. Sistema horiek elkar elikatu eta indartzen dira eta arrazakeria, sexismoa, misoginia, xenofobia, homofobia, kolonialismoa, inperialismoa eta esklabismoan oinarritzen dira. Sistema horiek pobrezia eta bazterketa bultzatu eta giza eskubideak bortxatzen dituzte, batez ere emakumeenak.

g Beste mundu bat eraikitzea proposatzen dugu, pertsona guztien osotasuna, aniztasuna, eskubideak eta askatasunak errespetatuko dituena.

g Gutun hau berdintasun, askatasun, elkartasun, justizia eta bake balioetan oinarritzen da.

BERDINTASUNA



g Pertsona eta herri guztiek berdinak izan behar dute.

g Ohiturek, tradizioek, erlijioek, ideologiek nahiz sistema politiko eta ekonomikoek ezin dute diskriminazioa justifikatu, ezta pertsonaren duintasuna eta osotasuna arriskuan jartzen duten ekintzarik onartu ere.

g Emakumeen lantzat hartzen diren horiek, (etxeko lanak, seme-alaben eta senideen zainketa) aberastasuna sortzen duten aktibitateak dira.

g Pertsona orok du lan duin bat izateko eskubidea.

ASKATASUNA



g Pertsonek askeak izan behar dute: inor ez da bestearen menpeko ezta inoren esklabo ere; ezin da inor ezkontzera eta lana egitera behartu; ezin da pertsonekin trafikatu ezta sexualki esplotatu ere.

g Pertsona orok ditu askatasun indibidual eta kolektiboak: erlijio, iritzi, adierazpenÉ askatasunak; sexualitatea libre bizitzeko eskubidea; bozkatzeko askatasuna; bizitza politikoan parte hartzekoa...

g Emakumeok gure gorputzari, sexualitateari eta ugalketari dagozkien erabakiak askatasun osoz hartzeko eskubidea dugu.

ELKARTASUNA



g Pertsona eta herrien arteko elkartasuna bultzatzen dugu.

g Herriek beren lurraldean dauden baliabide naturalak kudeatu behar dituzte, eta ingurumena errespetatu.

g Gizartearen ekonomiak guztien eskuetan egon behar du eta gizon-emakume guztiei bermatu behar die ongizate kolektiboa; pobrezia ezabatu behar du; eta interes orokorraren eta indibidualaren arteko oreka mantendu behar du.

JUSTIZIA



g Pertsona oro da giza eskubideen jabe, edozein delarik ere bere jaioterria, nazionalitatea eta bizilekua.

g Justizia sozialaren helburua aberastasuna birbanatzea da; hala, pobrezia ezabatu, aberastasuna mugatu eta bizitzaren oinarrizko beharrak bermatu ahal izango dira.

g Pertsona guztien osotasun fisikoa eta morala bermatu behar da eta tortura debekatu. Sexu erasoak, bortxaketak, emakumeen sexu organoen erauzketak, emakumeen aurkako indarkeria eta sexu trafikoa pertsonaren eta gizadiaren aurkako krimenak dira.

BAKEA



g Pertsona orok bakean bizi behar du. Bakeak honakoa esan nahi du: generoen arteko berdintasuna; berdintasun soziala, ekonomikoa, politikoa, juridikoa eta kulturala; eskubideen errespetuaÉ

g Tolerantzia, elkarrizketa eta aniztasuna errespetatzea bakearen bermeak dira.

g Pertsona guztiek dute eskubidea gerrarik, gatazka armaturik eta atzerriko okupazio militarrik gabeko munduan bizitzeko.

DEIA



g Gutun honek ekintzarako deia egiten du, mundu hau aldatzeko. Premia handia dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.