Alderdi sozialista eta Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaritzara PPren eskutik iritsi ziren duela hiru urte. Alderdien Legean oinarritutako legez kanporatzeko politikari esker lortu zuten, gehiengo sozio-politikoa eta gehiengo legala bereiziz. Hiru urteotan, gizartearen nahiarekin bat ez datorren legezko gehiengo horretan oinarriturik, fikziozko gobernu proiektu bat garatu nahi izan dute. Iazko maiatzeko udal eta foru hauteskundeek argi utzi zieten Lopez lehendakariari eta alderdi sozialistari euren benetako leku politikoa zein zen. Azaroaren 20ko hauteskundeek gogorarazi diete. Baina, fikzioa ahalik eta gehien luzatzearen alde egin dute, orain arte PPren sostenguarekin, bakardadean hemendik aurrera.
Hiru urteko gobernu balantzea egin behar zuen Patxi Lopezek. Bere proiektua aldarrikatzeko agerraldi bat programatua zuen, asteburuan egindakoaren jarraipen gisa. Baina ez. Basagoitik ez dio utzi. Ituna agortutzat emanda, sostengua kenduta, agerraldiaren funtsa hauteskundeak noiz izango ote diren izan da, eta ez hiru urteotako balantzea, ezta aurrera begirako egitasmoak ere. Aitortu nahi ez badu ere, Patxi Lopezen gobernuak, azkenean, eraginkortasuna ere galdu du, erabat. Eusko Legebiltzarreko gehiengo matematikoari esker zeukan eraginkortasun apurra galdu egin du. Debaluatuta zeukan, PSE eta PPren arteko etengabeko desadostasunek paralisia eragiten zuelako, baina gehiengo matematiko hori gabe, Jaurlaritza honi ezer gutxi gelditzen zaio propagandatik harago.
Globoa lehertu zaie Lopez lehendakariari eta alderdi sozialistari. Alferrikakoa da fikzioa gehiago luzatu nahi izatea gizartearen gehiengoaren nahiaren kontra. Herritarrek zigortuko dute hauteskunde kanpaina alferrik luzatzea.
Egungo Eusko Jaurlaritza, ez da eraginkorra izan aro politiko berriari ekarpen positiborik egiteko, ezta krisi ekonomikoari behar bezala erantzuteko ere, besteak beste, PPren gatibu izan delako. PPren morrontza kenduta ere ez du lortuko. Ahalegin antzua da. Lopezek ezin izan du esan legegintzaldia amaituko duenik. Badaki ez duela amaituko. Amaiera aurreratua ordenatzea besterik ez zaio gelditzen.
Bada garaia bide emateko etapa berri bati, arduradun politiko berriak aukeratzea ahalbidetuko duena. Iraganeko bazterketarik gabe. Herritarren benetako nahien arabera, garai politiko berria sustatzeko balio izango duena.