Gobernu alternatiboa baztertu egin du PSNk, eta Bilduri egotzi dio horren ardura

PSNren arabera, Ezkerra eta NaBairekin akordio bat egitea «erraza» da, baina Bilduk ETAri desegiteko ez eskatzea eragozpena daUPNk ohartarazi dio PSNri «ezinbestekoa» dela Iruñean Maiaren inbestidura erraztea

joxerra senar
Iruñea
2011ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Amaitu dira PSNren bilerak; altxatu da oihala. Gobernu alternatiboa ez osatzeko aitzakia topatu du: Bilduri egotzi dio aukera hori aurrera ez ateratzea. Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiaren arabera, azken egunotako bileretan egiaztatu ahal izan dute programan adostasun handiak dituztela Ezkerra eta NaBai-2011 koalizioekin, eta, bere ustez, «erraza» litzateke bi indar horiekin gobernua osatzea. Alabaina, Bilduk eskainitako botoak ez ditu onartu nahi PSNk, eta horretarako argudioa topatu du. «Bilduk ez badio ETAri desegiteko eskatzen, ezin da beste inongo gehiengorik osatu, ez dugu denborarik galduko, ezta gezurrezko itxaropenik sortuko ere». Hala, gobernua osatzeko ekimena eta erantzukizuna UPNren gain utzi du.

Atzo, UPN eta PSN bildu ziren. UPNren aldetik, Yolanda Barcina presidentegaia, Carlos Garcia Adanero idazkari nagusia eta Alberto Catalan presidenteordea izan ziren, eta PSNren aldetik, Roberto Jimenez, Elena Torres idazkariorde nagusia eta Juan Jose Lizarbe parlamentaria. Ordubete eta 50 minutu iraun zuen bilerak.

UPNk bere joko eremua ondo zehaztu nahi izan dio Roberto Jimenezi. Yolanda Barcinak bilera osteko prentsa agerraldian onartu du gobernu egonkor bat osatzeko aukera bakarra PSNrekin hitzarmena egitea dela. Hala, hurrengo egunetan PSNrekin negoziatzen hasteko prest azaldu da Barcina, baina, horretarako, «ezinbestekotzat» jo du bihar Iruñeko Udalean Enrique Maiaren inbestidura ahalbidetzea: Maiaren alde bozkatzea edo abstenitzea exijitu dio Barcinak PSNri.

Hala ere, PSNk aurreratu du Iruñean Juan Moscoso aurkeztuko duela alkategai, nahiz eta hiru zinegotzi soilik izan. Ezkerrak, Bilduk eta NaBaik PSNren alde bozkatu ezean, bidea libre uzten dio UPNri Iruñean agintzen jarraitzeko. Haatik, Barcinak ez du ustekabe desatseginik nahi, eta Nafarroako Gobernuaren negoziazioa Iruñeko Udalarekin lotu du. «Maia alkate ez bada, PSNk ikusiko du non sartzen den», ohartarazi dio Barcinak PSNri.

«Oraindik denbora dago»

Jimenezek garrantzia kendu nahi izan dio presioari. Iruñean UPNren eskaera aintzat hartuko dute, baldin eta akordio batera iristen badira: «Oraindik ere denbora badago, eta bestela ez da ezer gertatzen». PSNk ez du Iruñeko Udalaren negoziazioa Nafarroako Gobernuarekin lotu nahi.

PSNren bi irtenbideak muturrekoak dira: gobernuan sartzea, edo oposizioa egitea. Jimenezek argi utzi du aurreko legealdiko oposizio egonkorraren formula ez dela errepikatuko: «Ozen diot. Oposiziora bagoaz, dena parlamentuan eztabaidatu beharko da, eta parlamentutik egin beharko dira legeak».

Jimenezen arabera, azken egunotako bileren helburua izan da beste alderdiekin aurrez aurre hitz egitea, baina horiek amaituta, orain erabakiak hartzea «beste alderdiei» dagokiela deritzo. Inongo akordiorik ez badago, ez du baztertu hauteskundeak aurreratzeko aukera ere. Era berean, Bilduk ETAri desegiteko eskatuz gero «aurrerapauso oso garrantzitsua» litzatekeela eta jokalekua erabat aldatuko litzatekeela aipatu du. Ñabardura bat gaineratu du. Foru Hobekuntzaren defentsa baino, hori errespetatzea eskatzen dio. «Nik ezin diot alderdi bati exijitu abertzale izateari uzteko. Esparru instituzionala aldatu nahi izatea zilegi da, baina errespetua aldarrikatzen dut».

Alternatiba osatzeko arazoa orain Bildu da; 2007an, berriz, NaBai zen, nahiz eta orain harekin akordioak egitea «erraza» izan. Jimenezen azalpena: «Testuingurua bestelakoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.