ETAk behin betiko desagertu dela iragartzen ez duen artean Espainiako Gobernuak «indarkeriaren aurka» orain arteko politika mantentzea egokia da, Ramon Jauregi Espainiako Presidentetzarako ministroaren hitzetan. «Gobernua zuzen ari da jokatzen geldi egonda, terrorismoaren aurkako politika aldatu gabe, taldearen balizko berregituraketari jazartzen», esan du Onda Vasca irrati kateari emandako elkarrizketa batean.
«Egia da indarkeriarik, kale borrokarik, hilketarik eta ia iraultza zergarik gabe bi urte daramagula», onartu du ministroak. Hori guztiori baikor egoteko modukoa dela aitortu du, baina, hala ere, Espainiako Gobernuak orain arteko irmotasunari eutsiko diola. «Hau dagoeneko desagertuko den segurtasun osorik ez du gobernuak», arrazoitu du. «Indarkeria amaitzeko, ETAk oraindik hartu ez duen erabakia hartu behar du». Behin betiko desagertu dela jakin nahi duela errepikatu du, eta, ETAk ez duenez oraindik hori esan, Espainiako Gobernuak tinko segitu behar duela defendatu du; «egungo prozesuan» egin behar duena egiten ari dela: «Irmotasunez, koherentziaz eta indarkeria alboratzea beste edozertarako ezinbesteko baldintza dela argi utziz».
Ezker abertzalea
Ministroaren hitzetan garrantzitsua da «ezker abertzalearen mundua, Bildu bezala», politikan «indarkeriarik gabe» aritzea. Indarkeriarik baldin balego «edo estrategia komuna izango balute, edo ekimen terroristaren bat existituko balitz, ezingo lukete egon», esan du zorrotz Jauregik. «Espainiako ordenamendu juridikoak argi zehaztu zuen indarkeriarekin ez dela posible politika».
Ministroak adierazi du nahiago duela ezker abertzale legalizatua indarkeria baino. «Baina, aldi berean, oso zorrotza naiz», zehaztu du: «Ezin dugu onartu alderdi politiko bat demokraziaren araudiaren barruan aritzea, indarkeria erabiltzen duten lagunak dituztenean. Hori ez da berriz gertatuko. Ez da posible».
«Gobernua zuzen ari da jokatzen geldi egonda»
ETAk behin betiko desagertu dela esan arte haren aurkako politika gogorra mantentzearen alde egin du Jauregik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu