Lourdes Goikoetxea Nafarroako Ekonomia kontseilaria eta Juan Luis Sanchez Muniain Nafarroako Gobernuko bozeramailea agertu dira azalpenak ematera; hainbat galderari erantzutean ezbaika aritu da kontseilaria, eta atzo ukatutako batzuk ere onartu ditu; urduri aritu da, berriz, bozeramailea. Sanchez Muniainek behin eta berriz esan duenez, "faltsua da" Goikoetxeak delitua egin duela, "erabat faltsua", eta ikerketa legebiltzarrean eta epaiketetan egingo dela. Prebarikazioa ukatu duenean, atentzioa Nievesengan jarri nahi izan du, esanez "delitu hipotetikoa egin izan balitz —ez dela egin—" Nievesen eginbeharra zela "hura bere garaian" salatzea, eta ez kargua utzi ondoren, eta hor badagoela delitua. Eremu guztietan ikerketa egiteko beren esku dagoen guztia jarriko dutela esan du, eta Nievesek argibideak eman beharko dituela.
Goikoetxea, berriz, atzokoaren ildotik hasi da hizketan. Bere intereserako ez duela ezer egin, eta ogasun kontu guztiak garbi daudela. Horrez gainera, esan du Ogasun Departamentuan esku hartzea bere eginbeharren artean dagoela: "Erabakiak hartu behar ditut egunero, eta informazio guztia behar dut denari buruz, uste dut egiten diren gauza garrantzitsuen gainean egon behar dudala". Nievesek, ordea, haragoko akusazioak egin zituen, prebarikazioa egitea, alegia. Hala ere, galderei erantzutean atzo ukatutako batzuk baieztatu ditu gaur, besteak beste Nafarroako Kutxari buruz informazioa eskatu zuela, "baina baimendutakoa soilik".
Xehetasunak
Xehetasunetan sartu da. Idoia Nievesi idatzitako mezu bat irakurri du, egindako inspekzio bat zela eta. Iradoki du inspekzio bat Nafarroako Unibertsitateari eginikoa zela eta saiatu zela gehiago jakiten, baina presio egin gabe. Nievesek atzo esandakoaren arabera, Goikoetxeak idatzi zion esanez "izugarria" iruditzen zitzaiola unibertsitateari ikerketa egitea. Osasuna futbol taldearen zorrari buruz, berriz, Nievesek esandakoa "pertzepzio" bat besterik ez da Goikoetxearen ustez.
Nafarroako Kutxari dagokionez, 2013an ikerketa bati aurre egin ziotela gogoan izan du, eta CANen datu eskaeretan zehaztu du parlamentutik ta auzitegietatik egindako eskaeren ondorio izan zela, hainbat informazio eskatu ziotela Ogasunari, baina soilik baimendutako dokumentazioa eskatu zuela, legezkorik ez zenik, ez. Atzo ukatu egin zuen informazioa eskatu zuela, eta gaur ez.
Zergadunei mesedeak
Mesederik ez du eskatu bere lagunentzat. "Hori behin eta berriz ukatu nahi dut", esan du. Ekonomia kontseilari eta presidenteorde izan aurretik zeuzkan lagun eta ezagunekin ez du harreman profesionalik, batzuekin lagun izaten jarraitzen du, besterik ez. Hori da esan duena. Enpresari baten kasuan soilik esku hartu du zerga ordainketan.
Elikagaien enpresa bat ikuskatzeri buruz Nievesi eskatu zion zergadunari "ordainketa atzeratzeko", istripu larria izan zuelako enpresak. Hori baiezta daitekeela nabarmendu du. "Enpresa honetan soilik esku hartu dut, egoera berezia zelako, eta pertsona bat zauritua zegoelako". Bestela, ez du inolako harreman profesionalik iraganean zeuzkan lagunekin.