"Nafarroako Gobernuak ez zuen Nafarroako Kutxa ikuskatzeko ahalmena baliatu, Espainiako bankuaren ikuskatzearen berri bazuela esatera mugatu zen". Horixe dio Nafarroako Kontu Ganberak, eta beraz, "praktikan, kutxak finantza sisteman barneratzean nagusitasuna eman dio Espainiako Bankuari ikuskatzeko gaitasunetan".
Nafarroako Kutxa sortu zenetik Nafarroako Gobernuko kideek osatzen zituzten kutxaren batzordeak, eta ordutik gobernuarena zen izendapenen eskumena. "Beraz, bide horretatik kutxaren jardueraren kontrol osoa izan zezakeen".
Kontu Ganberaren arabera, Nafarroako Kutxako estatutuek Gobernuari ematen diote ikuskatzeko funtzioa bere kontuen eta funtzionamenduaren gainean, beste edozein ezohiko jardueretan ere bai, eta Espainiako Bankuaren ereduak jarraitu behar ditu ikuskaritza egiteko. Nafarroako Gobernuko kideek batzordetan izan duten parte hartzea aipatzen du txostenak, ondorioztatuz, logikoki berari dagokiola ere finantzen kontrola.
Kontrolatzaileek beren buruak kontrolatu beharraren "paradoxa"
Beraz, hor dago "paradoxa" Kontu Ganberaren ustez: "Ikuskatzea egokitzen zitzaiona izatea, era berean, batzordeak kontrolatzen zituenak". Nafarroako Gobernuaren egituraren baitan Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren Finantza Politika Sailari zegokion kontrola egitea. 1982tik 2011ra "Nafarroako Gobernuak ez du inolako ohiko eta ezohiko ikuskatzerik egin Nafarroako Kutxaren gainean, ezta Espainiako Bankuari bidali ere behatutako informazioaren berririk".
Alvaro Miranda presidenteordeak iaz auzitegian baieztatutakoa berretsi du Kontu Ganberak. Mirandaren arabera, Nafarroako legediak eta, 1976tik, Nafarroako Kutxaren estatutu guztiek zehazten dute aurrezki kutxen ohiko inspekzioa eta kontuen ikuskatzea Nafarroako Gobernuari dagokiola, eta goi inspekzioa Espainiako Bankuari. Mirandaren arabera, ordea, bi erakunde horien artean "ardurak banatu" zituzten: inspekzioaz eta kontuak gainbegiratzeaz arautzailea arduratzen zen, eta soilik kontuak baimentzeaz Gobernua. Azken 30 urteetan, horrela funtzionatu dute.