Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak asteon egin dituen adierazpenek ekarri duten soka luzea ikusita, Amaiurrek azalpenak eskatuko dizkio Mariano Raxoiri. Espainiako Gobernuko presidenteari zuzendutako galdera bat aurkeztu du Espainiako Kongresuan, eta asteazkeneko kontrol saioan erantzun beharko du Raxoik berak edo haren gobernuko eledun Soraya Saenz de Santamariak —gobernuak erabaki behar du, baina ohikoena gobernuburuak erantzutea da—. Raxoik erantzunez geroz, lehenengo aldiz helduko lioke, modu zuzenean eta Espainiako Diputatuen Kongresuan, konponbide prozesuarekin loturiko gai bati. Aurretik, espetxe politikarekin lotutako galdera bati erantzun zion Alberto Ruiz-Gallardon Justizia ministroak, EAJk eta Geroa Baik eskatuta.
Espainiako Gobernuaren kontrol saioan Espainiako gobernuburuari galdera bat egiteko duen eskubidea baliatuko du lehen aldiz Amaiurrek. Honako hau izango da Xabier Mikel Errekondo bozeramaileak Raxoiri egingo diongaldera: «Zer ekarpen egin behar du gobernuak euskal gatazka politikoaren konponbidea behin betikoa eta integrala izan dadin?». Asteazken goizean izango da Errekondoren eta Raxoiren arteko eztabaida laburra —bost minutu ingurukoa—. Beste talde parlamentarioetako bozeramaileek ezin izango duteparte hartu.
Astearte arratsaldean, berriz, UPDk aurkeztutako mozio bat bozkatu beharko dute diputatuek. Testu horren bidez, Rosa Diezen alderdiak Bildu eta Amaiur legez kanpo uzteari ekitera bultzatu nahi du Espainiako Gobernua, horretarako «zantzu asko» daudela iritzita.
Aurrekariak ikusita, beroa izango da astearte arratsaldeko saioa. Aste honetan Diezek eta Barne ministroak gai beraren inguruan izan duten ika-mikarik ez da izango, baina astearteko saioan talde parlamentario guztiek parte hartu ahal izango dute. Mozio bat izanik, zuzenketak aurkez ditzakete, eta litekeena da testu alternatiboren bat azaltzea, PPk beste talde batzuekin negoziatutako testu bat, adibidez.
Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiak, esaterako, «ETA amaitzeko prozesuan» babes osoa eskaini zion Raxoiri, asteazkenean bi buruzagiek egin zuten bileran. Iñigo Urkulluk ere iragarri du jeltzaleek Kongresuan dituzten kartak jokatzeko asmoa dutela. Duela bi aste Raxoirekin izandako bileran EAJko EBBko presidenteak Espainiako gobernuburuari babesa eskaini zion Kongresuan ordezkaritza duten alderdien babesa lortzeko, Raxoiren gobernuak jokaleku politiko berrian jardun ahal izateko berme gisa. Urkulluk gogora ekarri zuen 2005. urtean orduko gobernuburu Jose Luis Rodriguez Zapaterok Espainiako Kongresuaren babesa jaso zuela ETArekin elkarrizketak izateko. Orduan lortutako bat egitea egungo egoerara ekartzea izango litzateke haren asmoa
UPDren mozioaren bozketan, beraz, ikusiko da PPren asmoak zeintzuk diren. Soraya Saenz de Santamaria eledunak, halere, iragarri du gobernuak ez duela orain arteko jarrera aldatuko. «Ez dugu ETArekin negoziatuko. ETAk desagertu egin behar du».
Barne ministroak eginiko azken adierazpenek, baina, zeresana eman dute aste honetan. Fernandez Diazek, UPDko buruak legez kanpo uztearen inguruan eginiko galdera bati erantzunez, esan zuen halako gaietan «zuhurtasunez, inteligentziaz eta diskrezioz» jokatu behar dela.
Saio berean, Barne ministroak onartu egin zuen «ETAren dimentsio politikoa», eta nabarmendu zuen haren amaiera ez zela bide polizialetatik soilik iritsiko; horiek hala, elkarlanerako deia egin zien «alderdi demokratikoei».
Barne ministroaren hitzetatik abiatuta interpretazio ugari egin dira. Ezker abertzaleak, adibidez, herenegun kaleratutako ohar batean, «bide onean emandako pausotzat» jo zuen Espainiako Gobernuko Barne ministroak onartzea «gatazkaren dimentsio politikoa». Egun bat lehenago antzera mintzatu zen Amaiur.
«Interpretazio interesatu» horiei erantzunez, Barne ministroak atzera egin behar izan zuen, eta bere hitzak ez zirela ondo ulertu adierazi zuen. «Nik ez nuen gatazka politiko edo prozesu politiko bati buruz hitz egin. ETAren dimentsio politikoa aipatu nuenean zera esan nahi nuen: demokratok bat egin behar dugula ETAren amaiera lortzeko, eta ezin dugula ETArentzat porrot poliziala izan dena mundu horren garaipen politikoa bihurtu», azaldu zuen.
Gobernuaren ekarpena zein den galdetuko dio Amaiurrek Raxoiri
Gobernuburuak lehenengo aldiz heldu beharko dio gaiari Kongresuan, koalizioak aurkeztutako galdera bat dela medioSaenz de Santamaria bozeramaileak esan du gobernuak ez duela bere jarrera aldatuko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu