«Gobernuaren koherentzia» nabarmendu du Jauregik

Basagoitiren irudiko, «talde terroristaren berrehun agiri baino eraginkorragoa» da Guardia Zibilaren lana

Erredakzioa
2011ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
ETAren agiria ikusirik, herenegun Jose Luis Rodriguez Zapaterok eta Alfredo Perez Rubalcabak azpimarratu zuten Espainiako Gobernuaren politika ez dela aldatuko. Atzo, berriz, Ramon Jauregi gobernuaren bozeramaileak adierazi zuen atxiloketok agerian uzten dutela «gobernuaren mezuaren koherentzia».

Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak, bestalde, SER irrati kateari eskainitako elkarrizketa batean Guardia Zibilaren operazioa txalotu du: «Talde terroristaren berrehun agiri baino eraginkorragoa da Guardia Zibilaren lana». Basagoitik aitortu du gehiago sinesten duela politika horretan: «Konfiantza handiagoa dut bide horretan, baina hori ez da bereziki gogorra edo biguna naizelako. Esperientziak erakutsi digu ETAk beti porrot egin duela eta hutsak egitera eraman gaituela; zuzenbide estatuarekin, berriz, sendoagoak izatea eta gaitz hau amaitzea erdietsi dugu».

Miguel Sanz Nafarroako lehendakariaren ustez, berriz, «atxiloketek erakusten dute ETAk ez duela borondaterik bere jarduerari uko egiteko». Adierazpenok Eguesibarko udaletxe berriaren inaugurazioan egin ditu. Han, Elma Saiz Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkariak Guardia Zibila zoriondu zuen: «Bere lana egin du berriro, etengabe egiten duena, herritarroi eta demokratoi askatasuna eta segurtasuna etengabe bermatzen diguna».

Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiaren arabera, berriz, operazioak erakusten du zuzenbide estatua ez dagoela su-etenean. Haren irudiko, ETA amaitzeko Espainiako Gobernuaren borondatea irmoa da. UPN atxiloketengatik «pozik» azaldu da. «ETAri geratzen zaion bidea bakarra da: armak utzi eta desegin dela iragartzea». Hori egin ezean zuzenbide estatuaren mekanismoen bidez «porrota» baino ez zaiola geratuko ohartarazi du.

Aralarren eskaera gobernuari

Atzo goizaldean hala Ziburun nola Zarautzen izandako atxiloketen harira, Aralarrek azpimarratu du Euskal Herriko gizartearen gehiengoak ETAren amaiera aldarrikatzen duen bezala Estatuari «beste politika batzuk» galdegiten dizkiola. Aralarrek espero du atxiloketok ez izatea «Estatuak ETAren agiriari ematen dion erantzuna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.