Hauteskundeen ondorena Nafarroan

Gobernuaren lehentasunak aldaketa, enplegua eta kohesioa izatea hitzartu dute

Akordio zirriborro bat adostu dute Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrak. Metodologiari dagokionez, arloka batzordeak sortzea hitzartu dute, "akordio programatiko bat lortzeko eta Aldaketaren Gobernua osatzeko xedez".

Asteazkenean ekingo diote legealdiari Nafarroako Parlamentuan. JESUS DIGES / EFE
2015eko ekainaren 16a
07:30
Entzun

Alde biko bilera ugariren ostean, laurak batera batzartu dira Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra. Gobernua osatzeari begira, aurreakordio batera heldu dira, eta "oinarrizko lehentasunak" ezarri dituzte bertan.

Aldaketa "integratzailea" bultzatuko dute bizikidetzaren alde: "Nafarroaren aniztasuna aberastasun eta aukera iturri da". Lan arloan, "eskubideak bermatuko dituen enplegua" sortzea eta mantentzea dute helburu; alegia, "kalitatezkoa" izanen den enplegua, ordainsariei, egonkortasunari, ziurtasunari, garapen profesionalari eta gainontzeko lan-baldintzei dagokienez.

Herritarren eta lurraldearen "kohesioa" ere lehenetsi nahi dute: "Herritarron erreskatea". Nabarmendu dute Nafarroan bizi diren herritar guztiek "euren duintasuna bermatuko duten baldintzetan bizitzeko eskubidea" dutela. Oinarrizko zerbitzu publikoen defentsa —hezkuntza, osasungintza eta ongizate soziala—, eta horiek zabaltzea eta hobetzea izanen dira eskubide horren bermea.

Proiektuen errentagarritasunari so

"Erregenerazio etikoa, gardentasuna, parte hartzea eta edozelako jokaera ustelaren aurkako borroka" ere kokatu dute lehentasunen artean: "Instituzio inklusibo, garden, austero eta eraginkorren alde eginen dugu, herritarron zerbitzura egonen direnak".

Estrategikotzat jo diren proiektuei ere erreparatuko diete: "Azken urteotan gauzatutakoak aztertzeko prozesua abian jarri behar da, berrikusi eta kasuan kasu, gauzatutakoak berbideratzeko". Era berean, etorkizunera begira, "errentagarritasun ekonomiko, onura sozial eta ingurumen eraginaren gaineko irizpideak" gailenduko direla adierazi dute.

Lau indar politikoek "erabateko konpromisoa" azaldu dute bakea, memoria eta giza eskubideekin. Ildo horretan, zenbait arau "erabat" betetzea adostu dute: Terrorismoaren Biktimak laguntzeko Apirilaren 28ko 9/2010 Foru Legea, Eskuin muturreko Taldeek edo Funtzionario Publikoek eragindako motibazio politikoko biktimen errekonozimendu eta erreparaziorako Apirilaren 10eko 16/2015 Foru Legea, eta 1936ko kolpe militarraren harira hildako eta errepresioaren biktima izandako nafar herritarren Errekonozimendu eta Erreparazio moralerako Azaroaren 26ko 3/2013 Foru Legea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.