Euskal presoak

Gobernuaren «mendeku gosea» salatu du Etxerat-ek

Etxerat-ek «demokratiko eta moral garbikoak diren horiei» erantzun die badela garaia guztien eskubideak errespetatzekoGogorarazi dute Uribetxebarria preso dagoela Castroren ebazpenaren ostean ere

Gaixo larri dauden euskal presoen senideak, atzo, Etxerat elkarteak egindako agerraldian. ANDONI CANELLADA / ARP.
Hodei Iruretagoiena
Donostia
2012ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Jose Luis Castro epaileak baldintzapeko askatasuna onartuta ere Josu Uribetxebarriak oraindik preso jarraitzen duela gogorarazi du Etxerat elkarteak, oraindik ez baita gauzatu Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epailearen erabakia. Espainiako Gobernuaren «mendeku politika» salatu dute, eta aldarrikatu dute gaixotasun larriekin preso dauzkaten senideak aske nahi dituztela: «Berehala, gurekin batera, bizirik eta etxean nahi ditugu».

Joan den ostegunean onartu zuen Castro epaileak baldintzapean aske uztea Uribetxebarria. Hala ere, bihar arteko epea zehaztu zuen helegiteak jartzeko, eta bitartean ebazpena ez gauzatzea erabaki zuen. Uribetxebarriaren abokatuek jakinarazi zuten «legez kanpokoa» dela Castro epaileak egin zuena, eta «bere eskumenetatik kanpo» jokatu zuela. Horiek hala, Fiskaltzak helegiterik aurkezten ez badu, bihar gauzatuko da baldintzapeko askatasuna. Bitartean, erradioterapia saioak hartzen ari da Arrasateko presoa azken egunetan.

Jone Lazkozek salatu du Uribetxebarriaren kasuan — eta oro har, gaixo larri diren presoen inguruan— Espainiako Gobernua «mendeku gosea» ari dela erakusten. Jesus Mari Mendinueta gaixo larri dagoen presoaren bikotekidea da Lazkoz, eta euren senideen egoera «ez zaiela inola ere axola jendaurrean adierazten dutenei» mintzo zaie: «Pertsona demokratiko zein moral garbikoak diren horiengana jotzen dugu. Hainbestetan eskatu dugun eskubideen errespetua gauzatzeko garaia iritsi da».

Joan den igandean, Antonio Basagoiti PPren EAEko presidente eta lehendakarigaiak esan zuen presoen egoera ez zaiela «batere axola». Lazkozek gogorarazi du «herrialde honetako beste hainbat familiak bezala» beraiek ere «oso ondo» dakitela zer den sufrimendua: «Egunero gure larruan sufritzen dugu, gure senideen bizitzak eskuetatik alde egiten digun bitartean». Hori dela eta, «giza eskubideen defendatzaile direla aldarrikatzen duten horiei» galdetu die ea zer egiteko prest dauden «guztion sufrimendua» amai dadin, eta ea noiz hasiko diren «guztien giza eskubideak» errespetatzen.

Bakartua izan zuten Martin

Uribetxebarriaz gain, larri gaixo diren gainontzeko hamahiru presoek ere espetxean jarraitzen dute. Etxerat-eko kideek adierazi dute «bereziki aipagarria» dela Txus Martinen kasua. Zaballako espetxean (Gasteiz) daukate preso, eta nahasmen eskizo-afektiboa du. Presoen senideek jakinarazi dutenez, espetxean ia zortzi urtez «erabat bakartua» egoteak eragin dio gaitza: «Horregatik, ezin da inola ere bakartua egon», gaineratu du. Etxerat-eko kideak ohartarazi du bere buruaz beste egiteko «arrisku erreala» duela Martinek.

Hala ere, Lazkozek salatu du abuztuaren 28an zenbait orduz bakartua izan zutela, eta ondorioz, Laguntza Protokoloa urratu zutela espetxeko arduradunek. Izan ere, uneoro beste norbaitekin egon behar du Martinek; hala dio Laguntza Protokoloak. Etxerat-ek salatu duenez, ordea, bakartze egoerez gain, espetxean egoteak ere «eragin zuzena» du Martinen osasunean.

PPren barneko ika-mika

Uribetxebarriaren kasuak ika-mika piztu du PPren barnean. Jaime Mayor Oreja europarlamentariak salatu du Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diazen «erabaki politikoa» izan dela baldintzapean aske uztea onartzea, eta ohartarazi du ETA ez dagoela «garaitua». Mariano Raxoi Espainiako eta PPko presidenteak, aldiz, Fernandez Diaz babestu zuen. Antonio Basagoitik gogoratu du PP ez dagoela halako barne borroketan hasteko moduan: «Onartu ezin dugun luxua da hori», esan du, «independentisten erasoaldi garaiotan». Iñigo Urkulluren (EAJ) ustetan, azken unera arte «legea tenkatu» izanaren ondorio da ika-mika, eta Erkorekak dio Uribetxebarriaren kasuak ez lukeela «hauteskunde kanpainan eragin» behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.