ETAk hilaren 8an iragarritako su-eten iraunkor, orokor eta egiaztagarriari «erabateko babesa» adierazi dio Venezuelako Errefuxiatu eta Deportatu Politikoen Kolektiboak. Egoera politiko berri baterako bidean erakunde armatuak urrats garrantzitsua egin duela uste dute.
Atzo igorritako agiri batean kolektiboak azaldutakoaren arabera, ETAren erabakia irmoa den arren, Espainiako eta Frantziako gobernuen jokabidea ez da behar modukoa izan. Errefuxiatuen iritziz, bi gobernuek erakutsi dute ez daudela «zabaltzen ari den momentu historikoaren neurrira». Jakinarazi dutenez, munduko hainbat eragilek zein norbanakok —Friendship taldeak tartean— aitortu dute bi herrialdeetako agintarien erantzuna ez dela egokia izan.
Hori dela eta, ETAri pausoak eskatzen dizkioten erakundeei eta alderdiei behar moduko erantzuna emateko «ardura politiko eta morala» exijitu die kolektiboak. Bidenabar, Euskal Herriaren aurkako errepresioa behin betiko amaitzeko prest al dauden galdetu die. Ea onartuko duten «euskal herritarrek euren etorkizunaerabakitzeko duten eskubidea», edo «edozein egoera izanda ere eskubide hori ukatua izango den».
Halaber, salatu dute alderdi politikoek bakegintzaz eta demokraziaz hitz egiten dutela eta indarkeria gaitzesten dutela baina beraiek direla «sistematikoki tortura, indarkeria, iruzurra eta giza eskubide zibil eta politikoen urraketa» jasaten dutenak. Horregatik, alderdi horiei guztiei eskatu diete kentzeko Euskal Herria «saltzeko eta engainatzeko erabili duten maskara».
Kolektiboaren aburuz, «hamarkadetan izan duen erronkarik handienean egon» daitekeeuskal gizartea, eta jokaleku horretan «denon beharra» dauka. Horregatik, Euskal Herriaren independentzia geltoki izango duen «trena bultzatzeko konpromiso irmoa» azaldu dute iheslariek, eta ohartarazi azken geltokira iristeko bidean ez dutela onartuko «ez bidezidorrik, ez Euskal Herriaren borondatearen onarpena ez den beste biderik».
Gobernuei jarrera aldatzeko eskatu diete Venezuelako errefuxiatuek
ETAren su-etenaren harira Espainiako eta Frantziako gobernuek aurrerapausorik eman ez izana salatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu