"Gure programaziorako apustu seguru eta irabazlea da Goenkale", esan zuen Maite Iturbe Miramongo eta ETBko produkzio zuzendariak lehengo astean, denboraldia aurkezteko prentsaurrekoan. Gaur hasiko du 17. denboraldia telesailak. Ia ehun mila ikusle dituela azaldu zuen Iturbek, eta Goenkale-k urtez urte ikusleen fideltasuna mantentzen jakin duela uste du: "Telebistan hamazazpi urtez egotea sekulakoa da". Telesaila "klasiko" bihurtu dela azaldu zuen produkzio zuzendariak. Garai berrietara egokitzen jakitea aipatu zuen hori lortzeko gako moduan. "Produktu sendo eta modernoa da". Jokin Oregi gidoilariaren arabera, "gure barrena ukitzen duten oinarrizko sentipenak jorratzea da produktu bat klasiko bihurtzeko arrazoia".
Iazko denboraldian 3.000 atal bete zituen Pausokak ekoizten duen telesailak. Aurten 25 aktore inguru izango direla azaldu zuen Olatz Beobidek, telesailaren zuzendariak. "Ikus-entzuleei barrea eta negarra eragingo diete, hunkituko dituzte eta sufriaraziko diete". Goenkale-k arrakastari eusteko arrazoietako bat gidoilarien trebezia dela uste du Beobidek. Oregi gidoilariak azaldu zuenez, haien aurtengo helburua "egunerokotasunari indarra ematea da". "Garenari eta izan garenari eutsiko diogu", esan du zuzendariak.
Hamaika istorio
Gaur hasiko da, gaueko hamarretan, Goenkale-ren 17. denboraldia eta, horrekin batera, pertsonaien hamaika istorio. Alizia eta Germanen arteko ezkontzarekin hasiko da lehenengo atala. Kandido eta Leonor elkarrekin bizi direla ikusiko dute saioaren jarraitzaileek. Hala ere, ustekabeko albiste bat jasoko du Leonorrek, eta Kubara bueltatu beharko du denboraldi baterako. Kandidok, gainera, beste emakume interesgarri bat ezagutuko du. Horretaz gain, Abelek albiste garrantzitsu bat emango die madariagatarrei.
Kevinek Nedarekin maiteminduta jarraituko du. Halere, gero eta jende gehiagok jakingo du haren sekretua, eta horrek arriskuan jar lezake Tximistarekin duen adiskidetasuna. Lukasek eta Ikernek, berriz, elkarrengandik urrun egon beharko dute denboraldi batez, neska kanpora joango delako lanera. Momentu zailak izango dira Lukasentzat, mehatxu anonimoak ere jasoko baititu.
Lehenengo atalean bertan, aurreko denboraldiko azken atalean izandako leherketa izugarriaren ondorioak ezagutuko dituzte ikus-entzuleek.
Pertsonaia berriak
Murrieta familia da berrikuntzetako bat. Peru aitak eta Iker eta Eider seme-alabek sekretu handi bat dute. Bestalde, Paula eta Uxue ama-alabek madariagatarrekin oso harreman estua izango dute. Julene batek, ordea, nahastu egingo du Kandido eta Leonorren arteko harremana. Gainera, madariagatarrekin zerikusia duen beste sekretu bat gordeko du.
Nekane polizia etxera bueltatuko da, eta Arralden desagertu den emakume baten kasua ikertuko du Ander ertzain berriarekin. Manexek umorea ekarriko du herrira. Ibonek kartzelan ezagutu zuen, eta Bogan azalduko zaio laguntza eske. Aurrerago ezagutuko ditugu Nikole eta Mikel.
komunikabideak
'Goenkale'-ren 17. denboraldia
Gaur hasiko da, gaueko hamarretan. Telesailak ia ehun mila ikusle dauzka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu